Gizarte zerbitzuen arloko elkarteei zuzendutako udal dirulaguntzak eskatu daitezke

Udalaren dirulaguntza jaso ahal izateko Oñatin nahiz eskualdean lan egiten duten irabazi asmorik gabeko talde direla egiaztatu behar dute elkarteek. Eta Gipuzkoa mailan lan egiten dutenek berriz, Oñatitik jasotzen dituzten zerbitzu eskaerei erantzuten dietela.
Dirulaguntza hauek gizarte zerbitzuen eremuari zuzendutako ekintzak burutzeko izango dira. Parte-hartzea, gizarte-boluntariotza edota herritarren arteko elkartasuna sustatu; gizarteratze-prozesuetan dauden pertsonei edo gizarte zerbitzuen laguntza behar duten pertsona eta taldeei lagundu edota gizarte zerbitzuen arloko jarduera espezifikoak egiten dituzten elkarteei zuzendutako dirulaguntzak dira. Hala, hitzaldiak, zabalkundeko kanpainak, formazio ikastaroak, aisialdi programak eta antzerako ekintzak burutzeko babes ekonomikoa emango da baina baita ere egitasmoei zuzenean lotutako administrazio eta kudeaketa gastuei aurre egiteko.
Gizarte zerbitzuen arloan diharduten elkarteei zuzendutako dirulaguntzen oinarri arautzaileak indarrean den legedira egokitu zen 2021ean, eta, besteak beste, eskaerak baloratzeko puntuazioa zehaztu zen. Dirulaguntza hauetarako 23 eskaera jaso ziren iaz, nahiz eta batek bertan behera utzi zuen, prozesua burutu baino lehen. Herriko bi elkarteren eskaerak babestu ziren, herrian lan egiten duten Gipuzkoa mailako beste batzuekin batera. Udalaren dirulaguntza jaso zuten Oñatiko taldeak dira: Elkarzabal Integraziorako Elkartea eta Pausoka.
Gaur ireki da dirulaguntza hauek eskatzeko 30 eguneko epea eta apirilaren 19an amaituko da. Guztira, 24.768 euroko diru-poltsa gorde du udalak gizarte esparruan diharduten elkarteen artean banatzeko.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!