Oñatiko udala

Gazteen emantzipaziorako dirulaguntzetara 65.000 euro bideratuko ditu Udalak aurten, iaz baino 15.000 gehiago

2021/03/03
Card image cap
Covid-19ak eragindako testuinguruan gazteen egoera bereziki zaildu dela hartu da gogoan

  Osteguneko Osoko Bilkuran onartu ziren gazteen emantzipaziorako udal dirulaguntzen oinarri berriak. Diru partida handitu egin da, 15.000 euro gehiago bideratu eta 65.000 euro izango dira guztira alokairuan bizi diren gazteei laguntzeko. Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun dirulaguntzekiko bateragarritasunean ere sakondu da. Eskatzaileak ohi moduan egin beharko du eskaera, gero, udal arduradunek banaka aztertuko dituzte Udalari edo Jaurlaritzari egitea dagokion zehaztuz. Izan ere, eskatzaileen profilak ezberdinak baitira, soldata mugan, esaterako.

  Deialdi berriak 2020ko urritik 2021ko urrira arteko alokairuak lagunduko ditu eta eskaera aurten egin arren, ziurtagiriak aurkeztuta, iazko urritik gaur arteko alokairua ere lagunduko da. Aurtengo oinarrietan sartu diren berrikuntza hauezaz gain eskatzailearen adin tartea zabalduz iaz sartu zena ere gogoan hartu behar da. Emantzipaziorako dirulaguntzak 18 eta 35 urte arteko herritarrei zuzentzen dira. Zentzu horretan, testuingurua aldatuz doala eta egungo beharrak eta orain urte batzuetakoak ez direla berberak aipatu du Haur eta Gazteria batzordeburu Iker Oñatek. Baina dirulaguntza hauen helburua  bere horretan mantentzen dela azpimarratu du, alegia, emantzipatzeko gazteek dituzten arazoei ahalik eta hobekien, osoen erantzutea. Eta azken urtean zailtasun bereziak izan dituzten beste sektore eta kolektiboen kasuan bezala, bizi dugun osasun egoeraren kalteak nabarmenki pairatzen ari diren gazteei laguntzen jarraitzea erabaki du Udalak.

  Otsaileko Osoko Bilkuran aho batez onartu ziren emantzipaziorako dirulaguntzen oinarri berrituak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain pronto irekiko da eskaerak egiteko epea.

  Lehen urteetan gora egin zuen dirulaguntza hauen eskatzaileen kopuruak baina egun egonkortu egin dela esan daiteke. Iaz 34 eskaera jaso ziren eta gehienak emakumezkoenak izan ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!