Oñatiko udala

Gazte kultur jardueretarako udal dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago azaroaren 10a arte

2021/10/15
Card image cap
Udaberrian dirulaguntza jaso zuen Inguma taldeak (Arg: Goiena)
Udaberriko deialdian eman gabe geratu ziren 6.620 euroak banatzea da bigarren honen xedea

  Gaztedia departamentuak urtero ematen dituen dirulaguntza hauek, Oñatiko gazteek eta gazte-talde edo elkarteek sustatzen dituzten kultur jardueretara zuzentzen dira. Orokorrean diruz laguntzen diren jarduera eta kontzeptuak oso zabalak dira, baina bigarren deialdi honetan kultur sormen eta hedapen proiektuak babesten dira.

  Dirulaguntza hauek jaso ahal izateko oinarrizko baldintza batzuk bete behar dira: erakunde, talde, edo norbanako eskatzailea oñatiarra izan behar da, eta talde eskatzailearen kideen erdia gutxienez 12 eta 30 urte bitartekoa izan behar da. Baldintzak beteta diru laguntza jaso ahal izateko idazki ofiziala aurkeztu behar da. Informazioa Gaztelekuan emango da baina dirulaguntza eskaerak udaletxeko HAZ bulegoan aurkeztu behar dira.

  Udaberrian zabaldu zen aurreko deialdian sei eskaera jaso ziren eta seiak diruz babestea erabaki zuen udalak. Zarramarra taldeak sei podcast egin eta zuzeneko hiru saio prestatzeko laguntza izan zuen. Inguma taldeak diska grabatu eta masterizatzeko dirulaguntza jaso zuen eta Unai Osak berriz, abestia grabatzeko ere bai.

  Lehen deialdi horretan ez zen diru poltsa osorik agortu eta ondorioz, bigarren deialdi honetan 6.620 euro izango dira banatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!