Gazte elkarte eta sormen lanetarako dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago

2023/03/13
Card image cap
Udalaren dirulaguntza jaso zuen iaz BEITA websailak
15.000 euro daude Udaleko Haur eta Gazteria departamentuak kudeatzen dituen laguntza hauetarako

  Hiru dira Udaleko Haur eta Gazteria departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntza hauek biltzen dituzten lerroak: kultur sormen eta hedapena, urteko programaketa edo elkarteen sustapena eta ez-ohiko jarduerak. Dirulaguntza hauen eskatzaileak, udalerriko irabazi asmorik gabeko gazte talde, norbanako edota haurrei zuzendutako programak sustatzen dituzten elkarteak izan daitezke. Deialdira aurkezteko gazte talde edo banakakoen kasuan nahikoa izango da taldeko kideen erdiak eta banakako eskatzaileak Oñatin erroldatuta egotea eta 12 eta 30 urte bitartekoak izatea.

  Dirulaguntza hauek eskuratzeko, udaleko web atarian eskegita dagoen eskaera orria bete eta hainbat agirirekin batera aurkeztu behar da, taldearen nondik norakoak argituz eta egin asmo diren ekintzen xehetasunak emanez.

  Dirulaguntzak ematerakoan, egingo den jarduera edo programaren kalitatea eta ekintza kopurua hartuko dira kontutan, besteak beste. Talde eskatzaileak urtean zehar herriko gizarte eta kultur mugimendua sustatzen laguntzen ote duen eta duen jarraipen eta egonkortasuna ere baloratuko dira. Proposatutako ekintzak herriko gazte guztiei zuzentzea eta taldearen lanean euskararen erabilpena sustatzea ere kontutan hartuko dira.

  Kultur sormen eta hedapenerako nahiz urteko programaketa eta elkarteen sustapenerako, gehienera, 1.600 euro eskuratu ahal izango dira, eta dirulaguntzak ezingo du proposatutako egitarau edo jarduerak duen aurrekontuaren %60a gainditu. Proiektu bakar batek dirulaguntza lerro bat baino gehiago behar baditu azpi lerroen lehentasun ordena adierazi beharko du eskatzaileak, diru banaketaren arabera Haur eta Gazteria batzordeak erabakiko baitu azpi lerro guztiak finantzatzeko aukerarik dagoen ala ez.

  Haur eta Gazteria batzordeak 15.000 euro banatuko ditu aurten arlo horietan diharduten herriko talde edo banakakoen artean. Dirulaguntza hauek eskatzeko 30 eguneko epea dago eta apirilaren 11an amaituko da. Kultur sormena eta hedapena lerroari dagokionean, lehen deialdian diru partida osoa agortuko ez balitz, bigarren epe bat zabalduko da urriaren 15ean.

  Iaz hainbat antzerki eta ikuskizun babestu zituen Udalak dirulaguntza hauen bitartez: “Isiltasunaren gatibu” antzezlana, BEITA websailaren gidoi idazketa eta produkzioa eta Algaraz ikuskizun elkartearen hiru egitasmo: Aireportuan ikuskizunaren produkzioa eta diskoa eta “Goazen gorago” abestiaren bideoklipa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!