Gaur hasi da 2021-2022 master ikastaroa Lege Soziologia Institutuan

2021/09/20
Card image cap
Master talde bat Lege soziologia institutuan (Arg:IISJ)
Aurrez aurreko eskaintza lehenetsi da baina on-line bidezkoari eutsiz, aldi berean

  Lege soziologia institutuko masterrak nazioarteko izaera du eta mundu osoko ikasle eta irakasleek parte hartzen dute. Baina pandemiaren egoera ezberdina da tokiaren arabera eta bidaiatu eta Oñatin egoteko aukera ere ezberdina da, bete beharreko osasun neurriak aldatu egiten baitira batetik bestera. Hori gogoan, masterrak eredu hibridoari eustea erabaki da, aurrez aurre eskaintzeari lehentasuna eman zaion arren. Eta halaxe, aurrez aurre, ekin dio programatutako lehen mintegiari Joxerramon Bengoetxea irakasleak. Gaur hasi eta urriaren 1era arte, Comparative Legal Culture mintegia emango du.

  Hamar ikaslek osatuko dute lege soziologia institutuko nazioarteko master-a; zortzi Oñatin izango dira eta beste bik on-line egingo dute. Baina izango dira mintegi puntualak soilik beteko dituztenak. Bik dagoeneko izena eman dute eta beste pare bat matrikulazio prozesua betetzen ari dira, baina gehiago izatea espero da, mintegi solteetan izena emateko epea ikastaroa hasi baino 15 egun lehenago ixten baita.

  Irakasleei dagokienean ere Oñatira etortzea lehenetsiko da, ahal den neurrian. Alemania, Australia, Erresuma Batua, Suedia, Israel, Singapur, Argentina edota Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari eta irakasleak arduratuko dira programatutako hamalau mintegiak emateaz. Gaur hasi, esan bezala, Euskal Herriko unibertsitateko irakasle eta Lege soziologia institutuko zuzendari zientifiko izan zen Joxerramon Bengoetxea hasi da lehen mintegia eskaintzen. EHUko Iker Nabaskuesek eta Gema Varonak ere beste mintegi bana emango dute.

  Euskal Herriko Unibertsitateak eta Milango Unibertsitateak babesten duten nazioarteko master ikastaroaren dinamikaz gain, ikerlari askoren bisita ari dira jasotzen Lege soziologia institutuan, liburutegian lan egiteko. 2020ko martxo bukaeratik atzeratu edo bertan behera utzitako hainbat eskaera orain aktibatu dira berriro eta betetzen hasi dira. Izan ere, lege soziologia arloan Europako liburutegirik osatu eta aberatsena baita unibertsitate zaharrean dagoena.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!