Euskara departamentuari dagozkion dirulaguntzetarako deialdia argitaratu da

2023/06/08
Card image cap
Begirale ikastarorako, euskara ikasteko eta errotuluak edo web gunea euskaraz jartzeko laguntzak eskatu daitezke

  Zabalik dago Euskara udal departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntzak eskatzeko epea. Berrikuntza, begirale ikastarorako dirulaguntzak dira. Aisialdiko begirale ikastaroa Oñatin egiten dutenei eskainitako laguntzak ez dira berriak, lehenago ere, matrikula zati baten itzulera hobari gisa eman zaie oñatiarrei eta ikasle edo langabeei, baina orain, udaleko Euskara departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntzen atalean sartu da. Udazkenean hasi zen aisialdiko begirale ikastaroa amaitzear dago. Bukatu eta hilabeteko epea izango dute ikasleek udalaren dirulaguntza hau eskatzeko.

  Iaz, TicketBAI fakturazio sistemarako euskarazko softwarea erosteko dirulaguntza eman zen. Aurten ez da halakorik jaso oinarrietan eta deialdian. Euskara departamentuak kudeatzen dituen beste bi laguntza lerroak bai, mantendu eta jaso dira: errotuluak, irudi korporatiboa edota web gunea euskaraz jartzeko eta euskara ikasteko.

  Errotuluak, irudi korporatiboa edota web gunea euskaraz jartzen duten entitateek urte akaberara arte izango dute udalaren dirulaguntza eskatzeko. Baina errotulu komertzial eta webgunetarako eskabideak, kartela jarri edo gunea aktibatu aurretik egin behar dira, hizkuntza aldetik testua zuzena dela ziurtatzeko. Oñatin helbide fiskala duten pertsona fisiko edo juridikoek eta bere jarduera ekonomikoa Oñatin dauden lokaletan dutenek aurkeztu ditzakete eskaerak.

  Euskara ikasteko dirulaguntzak berriz, Oñatin nahiz barnetegietan euskara ikasten ari diren herritarrek eskatu ditzakete. Ikastaroaren % 85eko aprobetxamendua egiaztatzen dutenek matrikula kostuaren erdia berreskuratuko dute laguntza gisa. Era berean, bigarren ikasturtez euskara ikasten jarraitzen dutenek, beste % 25eko laguntza osagarria jasoko dute jarraipen hori sarituz. Euskara ikasteko dirulaguntza, Oñatin erroldatuta daudenek eskatu dezakete. Ikastaroa bukatu eta hurrengo hilabetean aurkeztu behar dira eskaerak.

  Bateko zein besteko diru partidak batuta 13.427 euro emango dira guztira udaleko Euskara departamentuak kudeatzen dituen laguntzetan. Eskaerak udaletxeko HAZ bulegoan egin behar dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!