Oñatiko udala

Etxeko zaintza sektorean profesionaltasun ziurtagiria lortzeko ikastaroa emango da Oñatin

2022/09/16
Card image cap
Saio presentzialak larunbatetan izango dira eta astean norbere kabuz aurrera egiteko materiala izango da

  Udalak, Elkarzabal Integraziorako Elkarteak eta SSI taldeak elkarlanean MENTSAD programa jarriko dute martxan urritik aurrera. Etxean dauden pertsonentzako arreta soziosanitarioko profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prestaketa ikastaroa da. Etxeko zaintza lanetan dagoeneko ari direnentzat propio diseinatutako programa da MENTSAD izenekoa, aurrez aurreko eskolak larunbatetan egiten direlako eta bestelako materiala, astean zehar, bakoitzak ahal duen tartean egiteko prestatu delako.

  Autoprestakuntza eta saio presentzialak tartekatuko dituen ikastaro hau urriaren 8an hasiko da eta 23 larunbatez luzatuko da. Aurrez aurreko saioak larunbatetan, arratsaldez izango dira, 15:30etatik 19:30etara.

  Dagoeneko etxeko zainketen sektorean lanean diharduten pertsonei zuzenduta dago ikastaroa, bereziki interna moduan edo lanaldi zatituan lanean ari direnei, baina baita aldizka lan egiten dutenei ere. Atzerritartasun egoera erregularizatuta dutenei zuzentzen zaie, profesionaltasun ziurtagiria lortzeko prestatzeko helburuz. Agiria eskutan lan merkatua handituko zaie eta erakunde publikoei etxez-etxekako laguntza zerbitzuak ematen dizkieten enpresa pribatuetara sarbidea erraztuko zaie, besteak beste. Sektorean dihardutenen lan baldintzak hobetzea da azken helburua.

  MENTSAD programa honen ezaugarriez eta ikastaroaz azalpenak emateko informazio saioa antolatu da irailaren 24rako. Zubillagako Olaburu zentroan izango da, arratsaldeko 15:30tan. Informazio saio horretara joateko izena eman behar da, Udaleko Enplegu departamentuan: enplegu@onati.eus / 943 003 198 edo Elkarzabal Integraziorako elkartearen telefonoan: 667 450 444.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!