Oñatiko udala

Etxe partikularretan su detektagailuak jartzeko lehen zazpi eskaerak bideratu dira

2021/09/14
Card image cap
Azaroaren 30ean amaituko da aurtengo kanpaina

  Iaz ekin zion udalak eskaerak epea bukatu baino lehen aztertu eta bideratzeari. Aurrez, kanpaina amaitu arte itxaroten zen. Maiatzera arte bost eskaera jaso ziren eta guztiak onartuta, instalazioa egiteko agindua eman zen. Orain, maiatzetik irailera bitartean beste bi eskaera jaso dira udal bulegoetan, eta kasu honetan ere onartzea erabaki da, baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.

  Pasa den ostiralean onartutako bi eskaera horien datuak laster emango zaizkio enpresa instalatzaileari, etxeak bisitatu, sua sortzeko foku arriskutsuak identifikatu eta horren araberako su detektagailuen instalazioa egin dezan.

  Baina eskaera berriak jaso daitezke oraindik, epea azaroaren 30ean amaitzen baita.

  Etxe partikularretan bakarrik edo beste lagun batekin bizi diren 80 urtetik gorako herritarrei zuzentzen da urtero su detektagailuak jartzeko udal kanpaina. Gazteagoek ere eskatu dezakete mendekotasun, bakardade edo arrisku egoeran bizi badira. Kasu horietan udaleko Ongizate batzordeak dagokion balorazioa egiten du eta udalaren laguntza dagokion ala ez erabakitzen du. Interesa duenak, eskaera, udaletxeko HAZ bulegoan aurkeztu behar du. Gogoratu, aurrez hitzordua eskatu behar dela 010 doako telefonora deituta.

  2010ean onartu zen etxebizitza partikularretan su detektagailuak jartzeko udal ordenantza, baina 2012az geroztik, urtero egin da eskaera berriak jasotzeko kanpaina. Aurtengo kanpaina abian jarri zenean, otsailean, 114 etxebizitzatan zeuden udalak jarritako su edo ke detektagailuak. Laster beste 7 gehiagotan egongo dira. Etxe partikularretan su detektagailuak jartzeko kanpainarako 5.100 euroko partida gorde du udalak aurten.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!