Etxe partikularretan su detektagailuak jartzeko hiru eskaera bideratu dira orain arte

2022/11/09
Card image cap
Azaroaren 30ean amaituko da aurtengo kanpaina

  2020an ekin zion udalak eskaerak tarteka aztertu eta bideratzeari. Aurrez, kanpaina amaitu arte itxaroten zen. Udaberrian eta udan hiru eskaera jaso ziren eta guztiak onartuta, instalazioa egiteko agindua eman zen. Baina eskaera berriak aurkeztu daitezke oraindik eta horixe da Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik gogorarazi nahi dena, eskaerak egiteko epea zabalik dagoela, azaroaren 30era arte.

  Etxe partikularretan bakarrik edo beste lagun batekin bizi diren 80 urtetik gorako herritarrei zuzentzen da urtero su detektagailuak jartzeko udal kanpaina. Gazteagoek ere eskatu dezakete mendekotasun, bakardade edo arrisku egoeran bizi badira. Kasu horietan Udaleko Ongizate batzordeak dagokion balorazioa egiten du eta laguntza dagokion ala ez erabakitzen du. Interesa duenak, eskaera, udaletxeko HAZ bulegoan aurkeztu behar du. Gogoratu, aurrez hitzordua eskatu behar dela 010 doako telefonora deituta.

  2010ean onartu zen etxebizitza partikularretan su detektagailuak jartzeko udal ordenantza, baina 2012az geroztik, urtero egin da eskaera berriak jasotzeko kanpaina. Aurtengo kanpaina abian jarri zenean, otsailean, 124 etxebizitzatan zeuden udalak jarritako su edo ke detektagailuak. Aurten, beste hiru etxetan jarri dira.

  Etxe partikularretan su detektagailuak jartzeko aurtengo kanpainarako 5.100 euroko partida gorde zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!