Oñatiko udala

Etxe guztietara banatuko da 2021eko udal egutegia

2020/12/09
Card image cap
Covid gaitzak ospatzeke utzi dizkigun hainbat jai, ekitaldi eta kultur saio biltzen dira irudietan

  Ilunpetan taldeak San Migeletarako osatu zuen Oñati begi bistan kale-erakusketa hartu da oinarri. Gaia, ez jaixak izan zen eta osasun alarmak  eragotzi zituen ospakizunak, kultur ekitaldi eta jarduerak argazkiz irudikatu zituzten, Txinparta bertso eskolakoek egindako bertsoez lagunduta. Hesien atzean irten ezinda zegoen Txarran, danborradako danbor eta kapelak Bidaurretako zebrabide gainean, baserritar zapia zuen ardia edota bizikleta estatikoan zebilen adineko emakumearen argazkiak ikusi ahal izan genituen plazako arkupetan. Erakusketak izan zuen harrera ona kontuan harturik, 2021eko egutegia irudi horiekin osatu eta herriko etxe guztietara banatzea erabaki du udaleko Euskara-Hezkuntza batzordeak. Hori da, udal egutegi berriaren ezaugarria, hau da, bulego, denda, enpresa eta ikastetxeetara ez ezik, herriko etxe guztietara banatuko dela. Gaur bertan hasi dira postontzietan uzten. Horretarako, 5.500 aleko tirada berezia egin da, normalean 900-1000 inguru izaten baitira.

  2021eko egutegiak iaz berreskuratu zen diseinua mantentzen du, 12 orri edo 24 orrialdeko kuadernoa osatuz. Egutegiko argazkiak Ilunpetan taldekoek ateratakoak dira, esan bezala, eta bertsoak Txinparta eskolakoek asmatutakoak. Egutegian herri mailan esanguratsuak diren jai eta ospakizun nahiz aldarrikapen egunak ere bereziki azpimarratuta agertuko dira, urtero bezala.

  Udal egutegiaren edizio berezi honek 2.800 euroko aurrekontua du, diseinu, maketazio eta inprenta gastuak batuta. Herriko etxe guztietara doan banatuko da aste honetan zehar.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!