Eskaintza bakarra jaso da orain arte Herri egunean taloen taberna kudeatzeko, herri bazkaria zerbitzatzeko talderik ez da aurkeztu

Ezker abertzalearen izenean jaso da kultur etxean Herri egunean institutu aurrealdean jarri ohi den taloen taberna kudeatzeko eskaera. Orain arte jaso den bakarra. Urteetan, talde honek egin du herri tabernaren kudeaketa. Baina oraindik beste eskaintzaren bat jaso liteke, hartarako epea bihar amaitzen delako. Herri eguneko talo-tabernaren kudeaketa hartzen duen taldearen ardurakoa izango da tabernaren horniketa eta ustiaketa osoa. Ondorioz, lortutako irabaziak taldearentzat izango dira.
Herri taberna kudeatzeko eskaera bat jaso bada ere, herri bazkaria zerbitzatzeko interesa duten talderik ez da agertu oraindik. Herri eguneko bazkaria zerbitzatzen dutenek, aurrez, mahaiak atontzeko ardura ere hartzen dute eta horregatik, 13:00etarako, kiroldegi aurrean egoteko konpromisoa eskatzen zaie. Lana egoki egiteko gutxienez 40 laguneko taldea izatea eskatzen du Kultura departamentuak. Iaz ez zen talderik agertu eta herri bazkaria catering enpresa batek zerbitzatu zuen
Baina eskaera epea ez da amaitu oraindik, bihar bukatuko da. Beraz, bai herri tabernaren ardura hartzeko baita herri bazkaria zerbitzatzeko ere, interesa dutenek Kultur etxeko idazkaritzarekin harremanetan jarri behar dute, telefonoz deituta: 943 780 353 zenbakira edo mezua, honako posta elektronikora bidalita: kultura.idazkaritza@onati.eus.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!