Oñatiko udala

Erorikoak prebenitzeko hiru orduko tailerra antolatu da ekainaren 14 eta 15erako

2022/06/06
Card image cap
Plazak mugatuak dira eta izena anbulatoriora deituta eman behar da

  64 urtetik gorakoen artean erorikoak izan ohi dira lesio eragile nagusiak EAEn. Datu epidemiologikoen arabera, gutxienez urtean behin erortzen dira talde horretako pertsonen erdiak; eta ondorio fisikoak ez ezik, psikologiko eta sozioekonomikoak ere izaten dituzte. Arazo horren garrantzia kontuan hartuta, erorikoei aurrea hartzeko tailer teoriko-praktikoa antolatu da ekainaren 14 eta 15erako.

  Erorikoak prebenitzeko tailer hau pertsona nagusiei eta euren senide edota zaintzaileei zuzenduta dago. Tailerra Zubikoa kiroldegian izango da eta bi saio teoriko-praktiko egingo dira, ekainaren 14an eta 15ean, 17:00etatik 18:30etara.

  Saio hauetan hainbat gai azalduko dira: erorikoak zergatik gertatzen diren eta zer egin daitekeen aurre hartu edo prebenitzeko; zer garrantzitsuak diren, honetan ere, ohitura osasungarriak izan eta ariketa fisikoa egitea; edota nolako laguntza teknikoak dauden eskuragarri, telelaguntza esaterako. Ariketa praktikoak ere egingo dira nola erori eta erori ondoren nola jaiki ikasteko. Fisioterapeuta batek gidatuko du tailer praktikoa. Arropa erosoarekin joatea gomendatzen da.

  Erorikoak prebenitzeko hiru orduko tailer honetan parte hartzeko izena eman behar da, anbulatoriora telefonoz deituta: 943 03 54 30. Tailerra doan da baina plazak mugatuak dira eta gehienez 15 lagun onartuko dira.

  Hainbat erakundek bat egin dute erorketen prebentziorako tailer honen antolakuntzan: Udaleko Ongizate zerbitzuak eta Kirol departamentua, batetik, anbulatorioa eta Eusko Jaurlaritzako Osasun saila, bestetik, eta herriko farmazia-ortopedia bat ere bai. Helburua, ahal den neurrian, erorikoen kopurua gutxitzea da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!