Oñatiko udala

Enpresa berriak sustatzeko dirulaguntzak ematen jarraituko du Udalak

2020/06/03
Card image cap
20.000 euroko diru poltsa berezitu da aurten eta laguntzak azaroaren 30era arte eskatu daitezke

  Enpresa berriak sustatzeko oinarri arautzaileak eta deialdia martxoko Osoko Bilkuran onartu ziren baina iragarkia gaur bertan argitaratu da  eskaeretarako epea irekiz. Oñatin enpresa jarduera berri bat sortzen duen orok eskatu dezake udal dirulaguntza. Baldin eta, herrian erroldatuta badago, gutxienik, enpresa eratu baino sei hilabete lehenagotik. Sortzen den enpresa berriak ere Oñatin izan behar du egoitza soziala eta fiskala, eta lantokia bera ere bai.

  Enpresa berriak esanda, gehienez urtebeteko antzinatasuna duten enpresa jarduerak ulertu behar dira, eta hori egiaztatzeko, Ekonomia Jardueraren gaineko Zergan alta eman zeneko data hartuko da kontuan. Dirulaguntza eskaerarekin batera, aipatu altaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Eskaerarekin batera presentatu beharko dira baita ere, Gizarte Segurantzako alta egiaztagiria, enpresa proiektuaren aurkezpena edo bideragarritasun azterlana eta dirulaguntzaren xede diren lanpostuen titularren nortasun agiriaren kopiak. Izan ere, hauek bat baino gehiago izan baitaitezke, eta udalak, enpresaren alta ematen den momentuan, enpresaren sustatzaileek sorturiko lanpostu bakoitzeko diru laguntza emango du. Orokorra, 1.500 euro lanpostu bakoitzeko da baina aktibitatea lehenengo sektorean sortuz geroz, bikoiztu egingo da, eta 3.000 euro lanpostuko emango da.

  Udalak 20.000 euroko partida berezitu du aurten enpresa berriak sustatzeko dirulaguntzetarako. Eskaerak egiteko epea zabalik dago azaroaren 30era arte.

  Udala ez da era honetako dirulaguntzak ematen dituen erakunde bakarra, Lanbidek, Foru Aldundiak edota Eusko Jaurlaritzak ere badutelako halako laguntza lerrorik. Horiekin bateragarria izan zedin, 2016an berrikusi ziren  egun indarrean dauden enpresa berriak sustatzeko laguntzen oinarri arautzaileak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!