Eltziako taberna-kafetegia ustiatzeko interesa dutenei zuzenduta bilera irekia egingo da bihar

2018/04/10
Card image cap
Zerbitzua lizitatzearen inguruan sortu diren kezka eta zalantzak argitzeko bilera izango da

  Eltziako taberna kudeatzeko lizitazio prozesua bertan behera utzi zen aurkeztu zen hautagai bakarrak ez zituelako eskatutako baldintzak betetzen. Baina tabernaren instalazioak ezagutzeko egin ziren bisitetara 14 lagun hurbildu ziren eta lizitazio prozesu berririk egingo ote den galdezka ere hainbat lagun ibili dira. Hori ikusita, zalantza eta kezkak argitzeko bilera irekia antolatzea erabaki da. Bihar arratsaldean egingo den batzar horretara, interesa duten herritar guztiak gonbidatzen dira.

  Biharko bilera zalantzak argitzeko izango da eta zerbitzua ustiatzeko udalak egin zuen deialdiaren inguruko argibideak emateko. Hizkuntza administratiboa korapilatsua da, batzuetan, eta bete beharreko zenbait tramite direnak baino konplexuago azaltzea dira. Horiek argitu eta modu xamurrean azaltzea da biharko bileraren helburua. Era berean, eskatzen zen memoria teknikoa udalak nola baloratuko lukeen argitzeko asmoa ere badago. Hau da, lizitazio berri bat martxan jarri aurretik, interesa luketenei zalantzak argitu nahi zaizkie, aurreko prozesura ez aurkezteko izan dituzten kezkak uxatuz, ahal dela, eta eskatutako tramite bakoitza nola bete modu errazean azalduz. Horrela, hurrengo lizitazio prozesura hautagai gehiago aurkeztea nahi du udalak, edo horretarako xamurtasunak eman, gutxienik.

  Eltziako tabernaren ustiaketaren inguruko bilera, bihar arratsaldean, 18:30tan egingo da, udaletxeko bigarren solairuan. Gonbidapen zuzena egin zaie aurrez interesa agertu duten herritarrei, baina batzarra irekia izango da eta egin ziren bisita gidatuetara joan ez zirenek ere bertaratzeko aukera izango dute. Norbaitek bihar arratsaldean joaterik ez balu ere, udaletxera deituta, Onintza Andresekin berba egin dezake argibideak eskuratzeko. Baina ahal dela, bilera bateratu bakarra egin asmo da, interesa duten guztiei informazio berbera emate aldera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!