Elikagaien bankurako bilketa berezia egingo da asteburuan

2022/11/22
Card image cap
60 boluntario behar dira dendetan produktuak jasotzeko

  Inflazioak bereziki kinka larrian jarri dute Gipuzkoako elikagaien bankua. Biltegietan apal asko hutsik daude eta horiek betetzeko bilketa handia egingo da asteburuan. Elikagaiak eta janari-bonoak jarriko dira herritarren eskura. Produktuak jasoko diren dendetan egoteko boluntarioak behar dira.

  Oñatin bi dendetan izango da elikagaiak uzteko aukera: Arantzazuko Ama kaleko Eroski Center-en eta Errekaldeko dendan. Bietan, bezeroak erositako produktuak jaso eta bonoak eskainiko dira. Errekaldeko Eroskin, DIAn eta Olakuako BMn berriz, janari-bonoak bakarrik jarriko dira herritarren eskura. Bonoak euro batetik gora, nahi den balorekoak izango dira eta horiei esker elikagai bankuak momentuan behar dituen produktuak erosiko ditu, datozen hilabeteetan zehar.
Bilketarekin bat egingo duten boluntarioak elikagaiak jasoko diren bi dendetarako behar dira, Eroski Center-en eta Errekaldeko dendan, herritarrei informazioa eman eta hauek dohaintzan emandakoa jaso eta sailkatzeko.

  Oñatin ACESMA elkartea arduratzen da boluntarioak topatu eta hauen lana koordinatzeaz. Dagoeneko oinarrizko taldea osatu da, zuzenean elikagaien bankuko onuradunengana jo delako laguntza eske, baina boluntario gehiago behar dira, bi orduko txandak egiteko. Laguntzeko gertu dauden herritarrek Ibis Rodriguezekin jarri behar dira harremanetan, telefono zenbaki honetara deituta: 688 846 293. Boluntarioei zein lan egin behar duten azalduko zaie eta lagundu dezaketen egun eta ordu tarteen arabera txandak betetzen joango dira.

  Bilketa ostiral eta zapatuan egingo da, Oñatin, bost janari dendetan: Errekaldeko dendan, DIAn, Olakuako BMn eta Errekaldeko Eroski City-n eta Arantzazuko Ama kaleko Eroski Center-en.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!