Oñatiko udala

EHUko ikerlariek Jaturabe IX koba industen jarraitzen dute

2022/07/12
Card image cap
Indusketa eremua zabaldu eta Erdi Paleolito garaiko geruzetara iristea da helburua.

  Naroa Garcia eta Ekaitz Arrieta historia lizentziatuek 2018an hasitako ikerketa bidea jarraitzen ari dira Jaturabe IX deritzon koban. Aurreko kanpainetako indusketa lanetan Erdi Paleolito garaiko geruzetara iritsi ziren, orain 40.000 urte baino lehenagoko geruzetara. Aurtengo helburua da indusketa eremua zabaldu eta garai bertsuko geruzara iristea.

  Jakina da Deba bailara pasabide garrantzitsua izan zela itsasaldea eta barnealdearen artean, Paleolito garaian. Horren lekuko dira Arrasateko Lezetxikin edo Labeko koban topatutako materialak. Araotzekoa, aipatu bailararen paralelo izaki, pasabide ere izan zitekeela uste dute ikerlariek, eta hipotesi hori frogatzeko helburuz ari dira Jaturabe IX koba industen.

  Orain arte topatu duten materiala ikusita eta, bereziki, zein mailatan eta maiztasunarekin agertzen den ikusita, nahikoa garbi dute Jaturabe IX tarteka erabili zen tokia dela, nahiz eta ez zen asentamendu handiko eta etengabeko lekua. Zeramika puskak eta paleolito garaik beste material batzuk topatu dira aurreko kanpainatan.

  Iaz, aurkitutakoa analizatzen zentratu ziren eta aurten, landa-lana koban bertan egitera itzuli dira. 5. kanpaina hau hiru astez luzatuko da, uztailaren 22ra arte. Pasa den astean eguraldiak ez zien askorik lagundu baina aste honetarako iragarpenak ikusita, lan erritmo onean aritzea espero dute. 12ko taldea arituko da Jaturabe IXa industen. Gehienak EHUko ikerlari eta ikasleak dira baina Madrildik etorritako hiru lagun ere ari direla adierazi digu Naroa Garciak, EHUko irakasle eta indusketaren ko-zuzendariak.

  Jaturabe IX koban egiten ari diren lanok EHUk eta Oñatiko Udalak duten lankidetza hitzarmenaren baitan kokatzen dira eta Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioa dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!