Domekako “Busti zaitez” kanpainari egindako harrera ona publikoki eskertu dute ADEMGI elkarteak eta Oñatiko bazkideak

2022/07/13
Card image cap
Domekako salmenta mahaia (Arg: Belen Zumalde)
Herrira ekarri zen material ia guztia saldu zen

  Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren arrakasta handiz itzuli zen domekan esklerosi anizkoitzaren aldeko Busti zaitez kanpaina gurera. Donostiatik bidali zen materiala kasik agortu zen eta taila txikiko hiruzpalau kamiseta bakarrik geratu ziren saltzeko. Zoragarria izan zela adierazi digu Jose Luis Calvok, ADEMGIk Oñatin duen bazkideak eta domekan herrian egin zen ekintzaren arduradunak. Galdezka ere jende asko hurbildu zela esan digu.

  Calvok publikoki eskertu nahi ditu herritar guztiak, erakutsitako esku zabaltasunagatik, baita ere materiala erakusteko leihoa eskaini zion Txokolateixari, eta plazako informazio eta salmenta puntuan beste urte batez laguntzaile izan dituen lagun guztiei. Oñatin esklerosi anizkoitzaren aldeko mezua zabaltzen guztiek egin duten ahalegina publikoki eskertu nahi  izan du Jose Luis Calvok, bere izenean eta ADEMGI elkartearen izenean.

  Busti zaitez kanpainarako Donostiatik bidali zen materiala Txokolateixako erakusleihoan jarri zen hainbat egunez, eta horrek, jendea erostera animatu zuen eta zer nahi zuen aurrez erabakitzera ere bai. Hala ikusi zen domekan, plazako salmenta puntura jendea garaiz agertu baitzen eta zer erosi nahi zuen jakinda. Ondorioz, ia material guztia saldu zen. Dena den, online salmenta martxan da oraindik, eta interesa duenak www.mojate.net atarian sartu besterik ez du egin behar.

  Urtero garai honetan egiten den Busti zaitez kanpainaren helburuak dira esklerosi anizkoitzaren inguruko informazioa ematea, gaixotasun neurologiko honekiko sentsibilizazioa zabaltzea eta Gipuzkoan ADEMGI elkarteak eskaintzen dituen logopedia eta fisioterapia zerbitzuak finantzatzeko dirua batzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!