Oñatiko udala

Debagoieneko artilea Bergarako Epele zabortegian bilduko da, urriaren 23an

2021/10/06
Card image cap
Artilea eraman aurretik ordaindu beharko da zerbitzua, artzainak dituen ardi kopuruaren arabera

  Urriaren 18tik azaroaren 9ra bitartean, 7 bilketa egun zehaztu dira, eskualdeka berezituta, artilea batzeko.
Artilea arazo bihurtu da azken urteetan artzainentzat. Garai batean zuen balioa galdu du erabat eta berrerabilera txikia duenez inork ez du hartu nahi. Artilea balorean jartzeko irtenbideak aztertzen ari dira, etorkizunean baliozko baserri-produktu izan dadin berriro.

  Lurgintza eta Abelur elkarteek, eta Landaolak, Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak, elkarlanean antolatu dute Gipuzkoako artile bilketa programa. Bilketa zerbitzua ahalik eta modu sinple eta merkeenean egiteko prozedura landu eta adostu dute. Gipuzkoan bost bilketa puntu zehaztu dira eskualdeka; Idiazabal, Asteasu, Azpeitia, Berastegi eta Bergaran egingo dira bilketak eta guztira zazpi bilketa egun finkatu dira, urriaren 18tik azaroaren 9ra bitartean.

  Debagoieneko artzain eta baserritarrek, Bergarako Epele zabortegira eraman beharko dute artilea, urriaren 23an. Aurrez, telefonoz deitu beharko dute zenbaki honetara: 627 452 397. Bertan jakinaraziko zaie zein ordu eta tokitan entregatu beharko duten artilea. Artzainak bere izen-abizenak, helbidea eta NAN zenbakia eman beharko ditu eta azken erroldan zuen ardi kopurua ere bai, zerbitzuaren ordainketa kopuru horren arabera egin beharko baita. 50 ardi edo gutxiago dutenen tasa, esaterako, 36,30 euro izango da eta 700 arditik gora dutenena, 400 euro. Artilea eramateko tasa beraz, merkatuz joango da ardi kopurua handituz doan heinean. Baina ordaindu beharreko tasa ere jakinaraziko da telefonoz deitzerakoan. Izan ere, ordainketa artilea eraman aurretik egin beharko baita eta ordainagiria aurkeztu beharko da artilea eramaten den unean. Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzuaren kostuaren zati bat ordainduz lagunduko du.

  Gipuzkoan batutako artilea Nafarroara eramango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!