Oñatiko udala

"Busti zaitez" kanpainako material salmenta-posturik ez da jarriko Oñatin igandean

2021/07/08
Card image cap
Eskaerak ADEMGIko herriko ordezkariaren bitartez bideratu daitezke

  Jose Luis Calvo arduratu da azken urteetan esklerosi anizkoitzaren aldeko elkartasun kanpaina Oñatira ekartzeaz. Baina iaz bezala aurten ere ez dute material salmenta punturik jarriko plazan, egungo osasun egoerak zuhurtziaz jokatzea eskatzen baitu. Dena den, kamiseta, poltsa edo bestelakorik nahi duten herritarren eskaerak bideratuko ditu Jose Luis Calvok. Horretarako whatsapp mezua bidaltzea eskatzen du honako telefono zenbakira: 651 519 558. Bueltan, aurtengo irudiaz sortu den materialaren katalogoa igorriko du: mauka motz eta luzeko kamisetak, poltsa eta nezeserrak, aurreko mantalak, kantinplorak... eta eskaerak egin ahal izango zaizkio. Online elkartasun dendara ere sartu daiteke www.mojate.net klikatuta. Mikel Urmenetak propio sortu du Busti zaitez kanpainako irudia, beste urte batez.

  Busti zaitez kanpainaren helburu nagusia da esklerosi anizkoitzaren inguruan gizartea sentsibilizatu eta elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak mantentzeko dirua lortzea. Gaixotasun neurologikoak sortzen dituen arazoak arintzeko errehabilitazio integraleko zerbitzuak ematen ditu ADEMGI elkarteak Gipuzkoan: logopedia eta fisioterapia zerbitzuak. Busti zaitez kanpainaren bidez lortutako diru guztia Euskadin esklerosi anizkoitza duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko errehabilitazio- eta laguntza-zerbitzuetara bideratzen da. Enpresa eta erakunde publikoetara ere jotzen du elkarteak diru baliabideak eskuratzeko eta Oñatiko udalak dirulaguntza eman ohi du urtero.

  Aurten zuzeneko sentsibilizazio eta informazio ekintzarik ez da egingo plazan mahaiak jarrita baina Busti zaitez kanpainak izango du isla eta presentziarik herrian, materiala eskuratzeko bideak erraztuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!