Oñatiko udala

Biblioporrak gida berria gertu du udal liburutegiak

2021/06/18
Card image cap
Etxeetara banatuko da, iaz egin bezala

  Ohikoa denez, ekaina erdialdera argitaratu da Biblioporrak gida. Hala ere ez da ikastetxeetara banatuko eta iaz egin bezala, etxeetako postontzietan sartuz zabalduko da. Horretarako 4.500 ale eskuratu ditu Oñatiko liburutegiak. Astelehenean hasiko dira banaketarekin.

  Azken urteetako diseinua mantenduz Biblioporrak gidan gomendatzen diren dokumentu bakoitzeko iruzkin edo komentario labur bat idatzi da, irakurleak gutxieneko informazioa izan dezan. Biblioporrak gidan, liburu edo bildumak, CDak eta DVDak gomendatzen dira. Baina irakurgaiekin ez bezala, ikus entzunezkoen atala orokorra da eta dokumentuak ez dira adinka bereizten. Liburuei dagokienean, hizkuntza eta historia aldetik kalitate aipagarria duten lanak zerrendatzen dira katalogoan. Adinka banatuta, 0-6, 6-9, 9tik gora, gazteak eta helduak tarteak berezituta. Guztira, 40titulu gomendatzen dira. Ikus-entzunezkoen atalean berriz, hiru disko eta sei film zerrendatu dira.

  Biblioporrak gida elkarlanean osatzen dute inguruko liburutegiek, Oñatiko udal liburutegiko ordezkariek ez ezik, Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza eta Legazpikoek ere parte hartu dute. Ondorioz, gida, zazpi herrietan banatuko da. Biblioporrak-2021 gida etxeetara zuzenean banatuko da, esan bezala, baina ale batzuk liburutegian jarriko dira eskuragarri eta udaleko web atarian ere zintzilikatuko da, interesa dutenentzat.

  Biblioporrak udako gidak 25. urteurrena ospatu zuen 2019an.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!