Oñatiko udala

Ate ireki, bisita gidatu eta elkarrizketa pertsonalizatuak antolatu dituzte herriko ikastetxeek

2022/01/12
Card image cap
Astelehenean irekiko da 2022-2023 ikasturterako matrikula epea

  Covid-19aren eragina nabari da ikasturte berrirako matrikulazio kanpainan aurten ere eta herriko ikastetxeak hartara moldatu dituzte urtero egin ohi dituzten bisita gidatu eta ate ireki jardunak. Urtarrilaren 17tik 28ra izango da 2022-2023 ikasturterako matrikula epea HH 2 mailatik hasi eta DBH 4. mailara arte. Baina ekintza gehienak datorren ikasturtean eskolara lehen aldiz joango diren neska-mutikoen gurasoei zuzenduta daude, besteek, normalean, ikasketak hasitako zentroan edo hezkuntza ereduan jarraitzen baitute.

  Txantxiku ikastolan bihar eta etzi egingo dituzte bisita gidatuak eta gurasoekin elkarrizketa pertsonalizatuak. Baina aurrez hitzordua eskatu behar da ikastolara telefonoz deituta. Urgain-Errekalden eta Elkar Hezin ere bisita pertsonalizatuak egiteko aukera ematen zaie gurasoei berriei baina ate ireki jardunak ere antolatu dituzte larunbaterako. Aurrez izena ematea ere eskatzen da kasu horretan, jende pilaketak saihestu eta bertaratuko direnen osasun baldintzak ziurtatzeko.

  Informazioa zabaltzeko bide berriak ere urratu dituzte herriko ikastetxeek aurten eta QR kodeak erabiliz ikastetxe bakoitzak eskaintzen dituen zerbitzuak, bideoak eta bestelako argibideak zabaldu dira. Izan ere, ikasturte berrirako matrikula epea garrantzitsua da herriko ikastetxeentzat, balizko ikasleen kintak geroz eta motzagoak direnean. 2020an jaiotako 71 neska-mutiko daude Oñatin erroldatuta. Gehienak datorren ikasturtean hasiko dira eskolan baina izaten da, 3 urte bete arte, seme-alaba eskolara ez eramateko erabakia hartzen duten gurasoak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!