Oñatiko udala

Asun Arzuaga eta Jabier Olalde “Barrenzelai” omenduko dira herriko jubilatuen izenean domekan

2022/06/24
Card image cap
2019an egin zen azken Jubilatuen egunean omendutakoak
Jubilatuen eguneko bazkariaren ordez luntxa izango da parrokiako klaustroan

  Pandemiak eragindako etenaren ondorengo lehen Jubilatuen eguna ospatuko da domekan, egitura berriarekin. Ospakizunak parrokian eta klaustroan izango dira eta bazkariaren ordez luntxa egingo da.

  12:00tan hasiko den mezaz ekingo zaie Jubilatuen eguneko ospakizunei Mikel Goiaingeruaren parrokian, eta meza ondoren egingo da urteroko omenaldia, parrokian bertan. Asun Arzuaga eta Jabier Olalde Barrenzelai omenduko dira herriko jubilatu guztien ordezkari gisa.

  Asun Arzuagak 91 urte ditu eta Pake lekuko Ikusi makusi antzerki taldeko sortzaileetako bat da. Taldeak taularatzen dituen antzezlanen idazle edo moldatzailea eta zuzendaria ere bada. Gaur bertan, De vecinos así, libranos señor izeneko lana taularatuko dute Santa Ana aretoan, 17:30tan.

  Jabier Olalde Barrenzelaik berriz, 93 urte ditu eta aitajaunak Oñatin zabaldu zuen Barrenzelai zerrategia Torreauzora eraman zuen. Zerrategia martxan dago oraindik ere. Urteetan hileta elizkizun guztietara joaten ei zen eta ondoren, Pake lekura, baxoerdia hartzera.

  Asun Arzuaga eta Jabier Olalderi altare aldera aurreratzeko gonbidapena egingo zaie eta ohiko txapela eta zapia jarrita erloju bana emango zaie opari. Aurrez aurreskua eskainiko zaie eta bertsoak ere entzungo dira. Parrokiako ekitaldia Oñatz dantza taldeko gaztetxoen saioaz osatuko da. Ondoren, klaustroan, luntxa eskainiko da. 150en bat lagunentzako lekua atontzen aritu dira gaur goizean Pake lekuko batzordeko kideak klaustroan. Mezetara joan gabe, luntxera doazenek San Juan kale aldeko atetik zuzenean sartu ahal izango dira klaustrora. Luntxerako txartelak Pake lekuko tabernan eskuragarri daude oraindik, 5 euroren truke. Luntxa dagoen bitartean berriz, urteroko oparien zozketa egingo da klaustroan bertan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!