Oñatiko udala

Artilea jasotzeko zerbitzua emango da aurten ere Debagoienean

2018/06/19
Card image cap
Uztailaren 3an Oñatin eta Bergaran eta 5ean eskualdeko gainontzeko herrietan batuko da artilea

  Udaberrian mozten den artilearekin zer egin arazo bihurtu da baserritarrentzat. Garai batean zuen balioa galdu du erabat eta berrerabilera txikia duenez inork ez du hartu nahi. Aurreko urteetan Garbigune batzuetan batu izan da baina ez jasotzeko agindua eman zen iaz eta Mankomunitateak, Deba Garaia landa garapenerako elkartearekin batera, artile bilketa antolatu zuten lehen aldiz. Aurten errepikatu egingo da.

  Uztailaren 3 eta 5ean jasoko da artilea Debagoienean; 3an, Oñatin eta Bergaran eta 5ean, Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Elgeta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagan. Artilea bezperan atera beharko da aurrez zehaztu diren bilketa gunetara. Oñatin halako 6 jarri dira: Zañartun, Zuazola inguruan; Murgian, Asentzio ermitan; Olabarrietan, autobus geltokian; musika eskola gainaldean; Araotzeko minigunean eta Urrintxoko minigunean. Artilea lehor egon beharko dela azpimarratu dute zerbitzuaren arduradunek eta horregatik, ondo itxitako zakuetan ateratzea eskatzen dute. Bilketa egunean, edo bezperan, euria egingo balu bilketa bertan behera utziko da eta gerora jakinaraziko den beste egun batean egingo da.

  Abisuak eman edota zalantzak argitzeko telefono zenbaki bat zabaldu dute eskualdeko arduradunek: 943 50472. Uztailaren 3 eta 5ean artile asko biltzea aurreikusten dute eskualdeko arduradunek. Debagoienean 12.000 ardi daude eta bakoitzak bi kilo eta erdi-3 kilo artile izaten ditu.

  Bailaran batzen den artileari zein irtenbide eman erabakitzeko dago oraindik, geroz eta zailagoa baita birziklatzea. Horregatik, hainbat erakunderekin elkar lanean, artilea enplegatzeko bideak lantzen ari dira,  erabilera aukera ezberdinak garatu eta urtero sortzen den arazo honi behin betiko irtenbidea eman asmoz. Oraingoz, aurtengo artilea jasotzeko zerbitzua emango da, uztailaren 3an Oñatin eta Bergaran eta 5ean eskualdeko gainontzeko herrietan.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!