Oñatiko udala

Arropa eta ehunkien azoka Santa Marina Plazan izango da

2016/11/03
Card image cap
Gernikako arbolaren egoerak eragin du behin behineko leku aldaketa

   Urriaren 18an hesiz itxi zuten plazako haritz zaharraren ingurua, bezperan, eta ez ustean, arbolaren adar sendo bat apurtu eta jolaslekura jausi ondoren. Babestutako guneak zapatuetako arropa azokari eragiten dio, zuzenean hiru salmenta posturen lekua partzialki edo erabat hartzen baitu. Aurreko bi asteetan saltoki guztiak muntatu ahal izateko egokitze lanak egin dira baina zailtasunak ikusita, arropa eta ehunkien azoka Santa Marina plazara eramatea erabaki dute udal arduradunek. Erabakia, dena den, behin behinekoa da. Zapatu honetan bertan gauzatuko da baina aste batzuen ostean plazako jolaslekura itzulia da asmoa.

  Datorren astean aditu batek zuhaitzaren azterketa egingo du eta hark osatutako txostenaren arabera erabakiko da epe motz-ertainera zer egin.

  Ez da lehen aldia plazako haritzaren adar bat apurtzen dela. Azken urteetan, hirutan behintzat gertatu da. Azkena, urriaren 17ko gauean, esan bezala. Ez zuen aparteko kalterik izan baina jendea dabilen ingurua izaki, arbolaren adarrek hartzen duten perimetro zabala hesiz ixtea erabaki zen eta aditu batengana jotzea arbolaren benetako egoera eta osasuna aztertuko dezan. Lan hori gauzatu bitartean, arropa eta ehunkien azoka Santa Marina Plazara aldatuko da. Etzi, zapatuan jada, hantxe kokatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!