Arropa eta ehunkien azoka Santa Marina plazan egingo da larunbatean

San Migel eta Errosaixo jaietarako barrakak bihar hasiko dira Oñatira iritsi eta plaza ondoan muntatzen. Hori dela eta, larunbateko azokan aldaketak izango dira datozen bi larunbatetan, ohikoa denez. Zapatu honetan, irailaren 23an, arropa eta ehunkien azoka lekuz aldatu eta Santa Marina plazan egingo da. Hurrengoan berriz, Herri Egunarekin bat egingo duen irailaren 30ean ez da ohiko azokarik egingo, ez arroparena ezta jakiena ere. Hala jakinarazi zitzaien pasa den larunbatean, asteroko saltzaileei.
Herri Egunean ez da asteroko azoka egingo merkatu plazan baina fruta, barazki, ogi, pastel eta bestelako gutiziak eskuratzeko aukera izango da Sancti Spiritus unibertsitate inguruan. Herri mailako fruitu eta barazki lehiaketa edota lore eta landare erakusketaz gain, bestelako janari eta artisau produktuen salmenta puntuak jarriko direlako unibertsitate aurrealdean eta institutu aldameneko pasabidean. 19 saltzailek egin dute hartarako eskaera.
Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!