Oñatiko udala

Arrapala prest, hilerriko gune berrirako irisgarritasuna bermatuz

2021/10/29
Card image cap
Astelehenean Herribusa kanposantura iritsiko da

  Orain pare bat aste amaitu ziren kanposantuko gune berrira iristeko arrapala egiteko lanak. Udal brigadako langileek egin dute arrapalari eusteko obra zibila eta Caravanas Oñatek egin du arrapala bera, 26.680 eurotan. Hiru argi puntu berri ere ipini dituzte arrapala argitzeko. Horrela, hilerriko gune berrira modu irisgarrian iritsi ahal izatea bermatu da.

  Orain dela zazpi urte eskailera-igogailua jarri zuen Udalak, baina hainbat arazo eta matxura izan ditu eta, azkenik, arrapala finko bat eraikitzea erabaki da. Askok, Domu Santuko zubi-asteburu honetan deskubrituko dute arrapala berria.

  Irisgarritasunarekin jarraituz, gogoratu, astelehenean Herribusa kanposantura iritsiko dela. Domu Santu eguna dela kontuan hartuta, Oñati eta Arantzazu arteko zerbitzua egiten duen autobusa kanposantura hurbilduko da, herritik gora abiatzen diren zerbitzuetan. Neguko ordutegia estreinatuko da azaroaren 1ean eta zerbitzua orain arte baino lehenago amaituko da, 18:00tan abiatuko da azken autobusa Arantzazutik. Baina lehen zerbitzuan ez dago aldaketarik eta goizeko 7:30etan hasita, orduro abiatuko da autobusa Arantzazura bidean eta postetxeko geltokitik pasata hilerrira joango da.

  Eta gogoan hartu hilerri inguruan jarri diren ohar bereziak, autoak giltzaz itxi, baliozko gauzak begi bistan ez utzi eta beti zaintzapean izan ditzagun.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!