94.500 euro pasa banatuko dira herriko taldeen urteko kultur programa eta sorkuntza lanak gauzatzeko

2023/06/09
Card image cap
Subversion X taldearen letrak euskaratzeko proiektua diruz lagunduko da
30 talde eta proiektuk jasoko dute udalaren dirulaguntza

  Bi laguntza lerro ditu udaleko Kultura departamentuak, urteko programazioa aurrera eramateko, batetik, eta sormen lanerako dirulaguntzak, bestetik.

  Lehen laguntza lerroa da diruz handiena eta 16 talde edo elkarteren urteko programak babestuko dira aurten. Atal honetan laguntza handienak Oñatiko Ganbara abesbatzak, Oñatz dantza taldeak, Ganbara kantu eskolak eta Hots abesbatzak jasoko dituzte. Ganbara faktoriaren aldizkaria eta musika kanala ere atal honetan txertatu eta diruz laguntzea erabaki du Kultura batzordeak, hasieran, sorkuntza lanetarako dirulaguntza eskaera moduan aurkeztu bazen ere. Atal berera presentatu ziren beste bi proiektu, berriz, Haur eta Gazteditik bideratuko dira, dirulaguntza eskaerak bi departamentuetan erregistratu baitziren.

  Ilunpetan argazkizaleen taldeak, Txinparta bertso eskolak, Lizargarate trikitizale taldeak, Oñatiko margo taldeak, Irazan antzerki guneak, Algaraz ikuskizun elkarteak, Zizelkatzaileen elkarteak, Aequus Ensemble orkestrak, Laburmetraien rallyak, Nabarralde elkarteak eta San Martin auzoak ere udalaren babes ekonomikoa jasoko dute. Onartu diren 16 egitasmoetara 77.000 euro bideratuko ditu aurten Udalak. Orain % 60a ordainduko da eta gainontzekoa, azaroaren 30a bitartean entregatu beharko duten memorian zurituko gastuen arabera, urte amaiera baino lehen.

  Kultura departamentuak sormen lanetarako dirulaguntzak ere eman ohi ditu. Atal honetan 18 eskaera jaso ziren baina lau, beste lerro eta departamentuetatik bideratuk dira, esan bezala. Gainontzeko 14ren artean 17.539 euro banatuko dira. Lee-kore, Txuletons, Mila modu eta Lizartxo taldeek abesti eta disko grabaketetarako udalaren dirulaguntza jasoko dute eta baita Hots abesbatzak eta Ganbara Kantu eskolak musikarekin zer-ikusia duten beste bi proiektu konkretu gauzatzeko ere. Subversion X taldearen letrak euskaratzeko, euskara-sherpera hiztegia ontzeko eta Gure katona liburuxka egokitzeko, Ander Lizarraldek, Felipe Uriartek eta Roberto Altunak ere udalaren diru babesa jasoko dute. Hortensia Alcalaren Lontananza liburua, Ixabel Agirresaorberen Larrumarruak haur liburua, Bira kooperatibaren bost bide dokumentala, eta Martin Ttipia kultur elkartearen Gebarako gaztelua dokumentala ere babestuko da. Oñatz eta Ilunpetan elkarteek argazki bilduma-erakusketa proiektua aurkeztu dute eta hori ere diruz lagunduko da.

Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!