Oñatiko udala

% 50eko hobaria izango dute familia ugariek kiroldegiko bazkide txartelean, aurten lehenengoko aldiz

2018/01/05
Card image cap
Hobaria jasotzeko, tituluaren kopia eraman behar da kiroldegira, hilaren 15a baino lehen

  Urtarrilaren 15ean hasiko dira 2018ko bazkide txartelak kobratzen Zubikoa kiroldegian.

  2018ko udal ordenantza fiskaletan jaso zen hainbat udal zerbitzuen prezioetan kolektibo jakin batzuei hobariak emateko aukera, tartean, Zubikoa kiroldegian bazkide diren familia ugariei. Baina udalak ez du herrian dauden familia ugarien erroldarik eta horregatik gutun bana bidali zaie kiroldegiko bazkide diren familien titularrei eta 21 urtez azpiko bazkideei, hobari hau eskatzeko aukeraren berri emanez. Hori bai, familia ugari direla egiaztatu beharko dute Foru Aldundiak ematen duen tituluaren fotokopia aurkeztuz.

  1000 gutun baino gehiago bidali ziren abendu erdialdean kiroldegitik. Batzuek ordea, berandu jaso zituzten jakinarazpenak, hartarako hasieran zehaztu zen abenduaren 21a arteko epea beteta zegoela. Horregatik, epe berria jarri da 2018ko bazkide txartelak kobratzen hasi bitartean, urtarrilaren 15a bitartean.

  Familia ugari titulua izaki kiroldegiko tarifan % 50eko hobaria aplikatzea eskatu dezakete bazkideek, dagokien agiria aurkeztuz. Lehenengo aldia da halako hobaria kiroldegiko zerbitzuen prezioetan aplikatuko dela. Baina ez bakarrik kiroldegian. Beste udal zerbitzuetan ere halako hobariak aplikatzea onartu baitzen iraileko Osoko Bilkuran, hara nola, kultur etxeko ikastaroetan, ludotekan edota euskaltegian, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!