Oñatiko udala

40ren bat lagunen izenak jaso dira erorikoak prebenitzeko tailer teoriko-praktikoan parte hartzeko.

2014/10/21
Card image cap
Udalak, Osasun zentroak eta Jaurlaritzako Osasun Publikoak elkarrekin antolatu duten tailer hau datorren astean burutuko da baina izena emateko azken eguna bihar da.

  Erorikoak osasun arazo garrantzitsu bihurtzen dira behin adin batetik aurrera. Baina maila batean, ekidin edo saihestu daitezke oinarrizko prebentzio neurri batzuk hartuta. Erorikoak ezkutuan dagoen osasun arazo baten sintoma ere izaten daitezke edo desegokia den medikazioak eragindakoak. Batera edo bestera, istripu txiki moduan jo daitekeen horri garrantzia eman behar zaio.

  Horrelakoak ikusi arazteko asmoz eta bide batez oinarrizko zenbait ariketa irakasteko antolatu da erorikoak prebenitzeko tailer teoriko praktiko hau.

  Datorren astean, astearte eta ostegunean egingo da Santa Ana aretoan, arratsaldeko 5etatik 6 eta erdietara.

  Baina parte hartzeko, izena ematea eskatzen da eta horretarako azken eguna bihar da. 64 urtetik gorako lagunei zuzendutako tailerra egiteko izena anbulatorioan eman behar da edo bertara telefonoz deituta: 943.035430 zenbakira deituta. Orain arte, 40ren bat lagun apuntatu dira.

  Datorren asteartean, hilaren 28an, tailerraren alde teorikoa landuko da.

  Zahartze prozesuak berarekin dakartzan erorketa gehiago izateko arriskuei buruz edota etxe barruan eta kanpoan dauden arrisku foku konkretuei buruz berba egingo da. Arrisku horiek saihesteko aholkuak ere emango dira. Aktibitate fisikoa mantentzearen garrantziaz arituko dira eta oinetako egokiak eraman, ikusmen edota entzumen arazoak zuzentzeko neurriak hartu eta medikazioak berak sortu ditzakeen mugak kontutan hartzeari buruz argibideak emango dira.

  Tailerraren saio praktikoa berriz, datorren ostegunean, hilaren 30ean egingo da. Gorputz jarrera egokiak, erorketak saihesteko etxean egin daitezkeen aldaketak, edota jausi ezkero, nola zutitu behar denari buruzko ariketak erakutsiko dira.

  Tailerra tekniko eta adituek emango dute eta hizlari lanetan, Oskar Carrascal Udaleko kirol teknikaria, Juanjo Sagarzazu, Angelika Ugarte eta Kizkitza Alustiza Osasun Zentroko mediku eta erizainak eta Joselu Gomez eta Aitziber Garmendia Osasun Sustapeneko teknikariak arituko dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!