34. master ikastaroa astelehenean hasiko da Lege Soziologia Institutuan

Aukera bikoitza ematen du Lege Soziologia Institutuak, master ikastaroa osorik egin edo mintegi soltetan parte hartu. Kasu honetan izen-ematea mintegia hasi baino bi aste lehenago ixten da.
Euskal Herria, Katar, Italia, Hego Afrika, AEB, Bielorrusia, Alemania, Letonia, Bahrein eta Indonesiatik etorritako 12 ikaslek ekingo diote astelehenean master ikastaro berriari. Gehienek, ostatua Antixena egoitzan hartuko dute, udaberri hasierara arte. Martxoaren 22an amaituko da azken mintegia eta ikasleak jaioterrietara itzuliko dira tesina osatzera. Irailean egin ohi dute azken lan horren aurkezpena.
Asteleheneko master-irekieran Sabine Frerichs institutuko egungo zientzia zuzendariarekin batera, lehen kurtsoa emango duten Joxerramon Bengoetxea eta Iker nabaskues irakasleak egongo dira. Lege kultura konparatua da lehen bi astetan jorratuko den gaia.
Master ikastaroan 14 gai ezberdin landuko dira bi astez luzatuko diren kurtso edo mintegitan. Horiek irakastera nazioarteko irakasleak etortzen dira Sancti Spiritus unibertsitatera. Izan ere, Oñatiko Nazioarteko Lege Soziologia Institutuak eskaintzen duen masterra Euskal Herriko Unibertsitateak eta Milango Unibertsitateak babesten dute.
Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!