25 saltokik parte hartuko dute Oñatiko XV. erakusleiho lehiaketan

Iaz baino 6 saltoki gehiago animatu dira udalak antolatzen duen erakusleiho lehiaketan parte hartzera, 25 guztira. Guztiek, 50 euroko dirulaguntza jasoko dute, parte hartze hutsagatik. Lehen aldia da halako dirulaguntza orokorra ematen dela eta lehen aldia izango da baita ere Haurren saria emango dela. 5 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoek gustuko duten eskaparatearen aldeko bozka eman ahal izango dute, abenduko Kontzejupetik aldizkarian datorren orritxoa bete eta Txaloka ludotekan edo Gaztelekuan jarriko dira hautestontzietan utzita. Haur bakoitzeko bozka bakarra onartuko da eta epea abenduaren 20an amaituko da. Haurren sariaren bozketan parte hartzen duten neska-mutiko guztien artean Oñatiko saltokietan gastatzeko 100 euroko txartela zozkatuko da.
Haurren sari berriaz gain, Herritarren saria ere izango da eta, kasu honetan, 12 urtez gorakoek udaleko webgunean sartuta bozkatu beharko dute, hau da, modu telematikoan, internetez. Herritarren saria eskuratzen duen dendako arduradunak 500 euro jasoko ditu eta bozkatzen duten herritarren artean 100 euro zozkatuko dira. Abenduaren 20a izango da, kasu honetan ere, bozka emateko azken eguna.
Adituz osatutako epai mahaiak berriz, ohiko hiru sari emango ditu, 500, 300 eta 200 eurokoak. Guztira, saritan, 1.800 euro banatuko dira. Eta aurten bai, sari banaketa ekitaldia egingo da, abenduaren 23an, 17.30etan. Aurreko bi urtetako ez da halako ekitaldirik egin ahal izan eta dendatara zuzenean joanda eman dira sariak.
Zenbait dendari hasita daude erakusleihoak apaintzen, nahiz eta zaindu beharko den eguna abenduaren 12a den. Ordurako eskaparateak bereziki apainduta egon beharko dira, eta hala mantenduko dira, abenduaren 31ra arte, gutxienez. Iazko lehiaketan 19 dendek parte hartu zuten eta Kimu-Urtxin loradendak sari nagusia eta Herritarren saria eraman zituen. Bigarrena, Andrea Azkoagak eskuratu zuen eta hirugarrena Oreka dendak
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!