Oñatiko udala

22 merkatarik parte hartzen dute Oñatiko XII. erakusleiho lehiaketan

2019/12/04
Card image cap
Eskaparateak apainduta herritarrek bozkatzeko aukera izango dute ostiraletik aurrera

  Hainbat  bide daude herritarren saria hautatzeko: Ohikoa denez Kontzejupetik aldizkariaren abenduko alean topa daitezkeen bozka orritxoak moztu eta beteaz edota aldizkarian argitaratu den QR kodea eskaneatuta agertuko den formularioa beteaz. Dendetan ere, lehiaketako partaide direla adierazten duten kartulinetan aipatu QRa txertatu da. Eta internet bidez ere bozka daiteke, udaleko web gunean, www.oñati.eus atarian sartuta.

  Bide tradizionala erabiliz, bozka orriak betetzen dituztenek, buzoiak bi lekutan topatuko dituzte: udaletxeko HAZ bulegoan  edo Bidebarrieta kaleko 12ko Sozioekonomia zerbitzuaren bulegoetan. Bozka edozelan emanda ere, epea abenduren 18an, 14:00tan itxiko da. Parte hartzen duten herritar guztien artean 200 euro zozkatuko dira.

  Dendariak hasita daude erakusleihoak apaintzen, nahiz eta erreferentzia moduan emandako eguna ostirala den, abenduaren 6a alegia. Eskaparateak bereziki apainduta abenduaren 31ra arte mantendu beharko dira, gutxienez.
Gabonetako eskaparate lehiaketan lau sari banatuko dira aurten. Lehen aipatutako Herritarren saria 500 eurokoa izango da. Eta adituen epaimahaiak beste 3 sari emango ditu, 500, 300 eta 200 eurokoak, hain zuzen ere. Erakusleihoak  baloratzeko oinarrizko lau irizpide hartuko dira kontuan: konposizioa, argiztapena, koloreak eta originaltasuna.

  Sari banaketa Gabonen aurreko zapatuan egingo da aurten ere, abenduaren  21an alegia. Ekitaldia, 13:30tan eta udaletxeko areto nagusian.

  Iazko eskaparate lehiaketan 26 denda eta lokalek parte hartu zuten. Lehen saria Juanitosa dendak eraman zuen, bigarrena Urtxin loradendak eta hirugarrena, Andrea Azkoaga interiorismoak. Herritarren saria berriz, Kimu loradendak eraman zuen. Aurtengo sarituak, esan bezala, abenduaren  21ean egingo den ekitaldi publikoan ezagutaraziko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!