“Oppenheimer” dramak irekiko du zine denboraldi berria, ostiralean

Udako oporraldiaren ostean aste honetan hasiko dira zine emanaldiak Kultur etxean. Oraingoz, emanaldi komertzialak hasiko dira, bai haurrei nahiz helduei zuzendutakoak, eta urrian, zine klub emanaldiak. Ostiraletan filmak jatorrizko bertsioan emateko ohitura hartu zen aurreko denboraldian eta hala jarraituko da 2023-2024 honetan ere. Gaueko emanaldiak 22:00tan hasteari ere eutsiko zaio.
Datozen bi asteetako programazioa osatu da, iraila-urria arteko azken asteburuan ez baita zine emanaldirik izango, San Migel eta Errosarixo jaixak tarteko. Oppenheimer drama estatubatuarra eta Superheroien familia animaziozko filma programatu dira opor osteko lehen asteburu honetarako, ohiko emanalditan: helduenak, ostiral eta zapatuan gaueko 22:00tan, domekan 19:30tan eta 22:00tan eta astelehenean, ikuslearen egunean, 19:30tan, eta haurrenak, zapatu eta domekan 17:00tan. Hiru orduko iraupena duen Oppenheimer filma ingelesez ikusi ahal izango da ostiralean, azpitituluz lagunduta, eta gainontzeko emanaldietan espainierazko bertsioan proiektatuko da. Superheroien familia berriz, euskaraz emango da. Hurrengo asteburuan berriz Campeonex espainiar komedia pantailaratuko da eta haurren emanaldian, Elemental animaziozko filma.
Sarreren prezioa ere bere horretan mantentzea erabaki da: haurren emanaldietarako txartelak 4 eurotan salduko dira eta gainontzekoak 5 eurotan, astelehenetan izan ezik, ikuslearen eguna izaki txartelak euro bat merkeagoa izaten jarraituko du. Gogoratu prezio horiei 50 zentimo gehitu behar zaizkiela aurrez eskuratuz gero, tramite kostuengatik. Eta familia ugariek berriz, 50 zentimoko hobaria dutela, egiaztagiria aurkeztuta.
Zine klub emanaldiak berriz, urriaren 5ean hasiko dira.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!