2017ko proiektu berriak abian jartzeko hainbat lizitazio prozesu hastea aztertuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2017/01/19
Card image cap
Lan zerrendan 51 gai jaso dira

  2017ko udal aurrekontuetan onartutako hainbat inbertsio abian jartzeko puntuan dira: Ugarkalde eta San Lorentzo auzoen arteko bidegorria edota San Lorentzoko irisgarritasun lanen fase berri bat. Bi gaiok gaurko tokiko batzarrean aztertuko dira. San Lorentzo auzoko irisgarritasun lanen baitan, 8. area deritzonaren proiektua eta lanak lizitaziora ateratzeko baldintza zerrenda onartzea proposatuko da. San Lorentzo 14 eta 24 zenbakidun eraikinen arteko gunea da 8. area moduan izendatutakoa eta lanetarako 246.000 €ko partida jaso zen aurtengo aurrekontuetan. Atzeratuago dago Ugarkalde eta San Lorentzo auzoen arteko bidegorriaren gaia. Kasu honetan, bidegorria eraikitzeko proiektua baita lizitaziora atera asmo dena. Horretarako baldintza zerrenda aurkeztuko zaio gobernu taldeari arratsaldean.

  Hirigintza eta Zerbitzuak batzordearen eskutik 38 gai eramango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrera. Aipatutako bi lizitazioak abian jartzeko proposamenez gain, onartu eta baztertu diren TAO txartelen eskaerak ere azalduko dira. Kale Barria, Atzeko kale eta Kale Zaharreko bizilagunei, zamalan orduetan kaleetara autoz sartzeko aukera eskaini zitzaien horretarako txartela eskuratuta. Baina txartela, aipatu kaleetako helbidean erregistratuta dauden ibilgailuei bakarrik emango zaie. Bizilagunek eskaerak egin zituzten eta dagozkien egiaztatzeen ondoren, onartu eta baztertu diren eskaerak berezitu dira. Argibideak, arratsaldeko bileran emango zaie gobernu taldeko kideei.

  Herriko kirol talde eta elkarteei kirol ekitaldiak antolatu ahal izateko eman ohi zaizkien diru laguntzen 2017 oinarrien proposamena, eta 80 urte edo gehiago dutenen etxeetan su detektagailuak jartzeko 2017ko kanpainarako deialdiaren gaia ere gaurkoan aztertzekoa da. Aurtengo deialdia egiteko proposamenarekin batera, 2016ko kanpainako gastuen aurkezpena egingo da Ongizate Zerbitzuak batzordearen eskutik.

  Lan zerrendan, guztira, 51 gai jaso dira gaurko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!