2016ko zerga ordenantzak aztergai izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2015/10/15
Card image cap
Udal Gobernu Taldearen proposamena zehaztuko da

  Udal zerga eta tasak jasotzen dira ordenantza fiskaletan. Legez agintzen diren epeak bete eta 2016a hasi orduko indarrean sartu daitezen, urriko Osoko Bilkuran onartzea komeni da. Baina aurrez, Udal Gobernu Taldeak eramango duen proposamena oposizioari jakinarazten zaio honek aztertu eta alegazioak egiteko aukera eta denbora izan dezan. Hala, arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean proposamen hori zehaztuko da Euzko Alderdi Jeltzaleari aurkezteko.

  Udal zerga ordenantza, kontsumo prezioen indizearen arabera gaurkotzen da nagusiki Oñatin. Azken urtean, iazko irailetik aurtengora, KPIa negatiboa da, - 0,6. Baina hori ez da kontutan hartzen den aldagai bakarra; Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen kostuak dakarren zama eta promozio edo lehentasun politikak ere kontutan hartzen baitira.

  Sozioekonomia departamentuaren eskutik berriz, Gabonetako kanpainara begira egin ohi den erakusleihoen lehiaketa zortzigarren urtez antolatzeko proposama aztertuko da gaur. Txanda elkarteak, asteburuan TXANDA EGUNA ospatuz kaleetan ekitaldiak egiteko eskaera edota Hirigune 2015 programaren baitan laguntza eskatzeko aukeraz berba egingo dute Udal Gobernu Taldeko kideek arratsaldeko bileran. Debagoieneko Mankomunitateak eskaintzen duen lanerako orientazio zerbitzua Oñatin ematen jarraitzeko proposamena ere mahai gainera aterako da. Mankomunitateko teknikaria astean behin Oñatira etorri ohi da hala nahi duten herritarrei lanerako orientazio zerbitzua hurbilago eskainiz. Bidebarrieta kaleko bulegoetan eskaintzen da eta bertaratu nahi duenak, aurrez ordua eskatu behar du. Herrian zerbitzuarekin jarraitzea positiboa da eta horri eusteko proposamena aztertuko da gaur.

  Apagarria da bestalde, herritar partikularren, elkarte eta hainbat bizilagun komunitateen izenean aurkeztutako kexa ugari ere jaso direla gaurko lan zerrendan. Guztira, 45 gai aztertuko dira arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean eta horietatik 8, udaletxean aurkeztu diren kexa ezberdinei dagozkionak dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!