2016an Arantzazuko Amaren eguna jai egun izango da Gipuzkoa osoan

2015/10/16
Card image cap
Arrazoia, San Inazio eguna domekarekin etorriko dela

  Astean argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2016ko tokiko jaiegunen egutegia, alegia, jai egun ofizial izanik, lanerako baliogabe edo errekuperatu behar ez direnak.

  Euskal Autonomia Erkidego osorako 12 izango dira jaiegunak: urtarrilaren 1a eta 6a; martxoaren 24, 25 eta 28a, ostegun eta ostiral santua eta pazko astelehena; uztailaren 25a Santiago eguna; abuztuaren 15a Birjinaren Jasokundea; urriaren 7a, Gernikan lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu izanaren 80. urteurrena; eta urriaren 12a; azaroaren 1a eta abenduaren 6 eta 8a.

  Bisurtea  izango den 2016an, abenduaren 25a domekarekin etorriko denez, jai egun horren ordez, aipatu urriaren 7a jai ofizial izendatu da 1936an lehen  Eusko Jaurlaritza eratu zeneko urteurrena gogoratuz.

  Gipuzkoara etorrita, San Inazio egunarekin, uztailaren 31rekin gauza berbera gertatuko da, alegia, domekan tokatuko da. Horretxegatik, herrialdeko bigarren zaindaria, Arantzazuko Amaren Eguna jai ofizial izendatzea erabaki da. Hala, datorren urtean, irailaren 9a Gipuzkoa osoan jaiegun izango da. Bai irailaren 9a eta baita urriaren 7a ere ostiralarekin etorriko direnez, zubi-asteburu bihurtuko dira.

  Eta Oñatin, tokiko jai egunen egutegia osatuz, San Migel eguna, irailaren 29a ere lanean errekuperatu beharrik izango ez den jai egun ofiziala izango da. 2016an, San Migel eguna osteguna izango denez, herriko jai nagusiak segidako 5 egunetan ospatuko dira.

  Enpresa eta lantokietan hasita ez badaude, laster hasiko dira 2016ko lan egutegia osatzen. Horretarako, aipatu jai egun ofizialak kontutan hartu beharko dituzte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!