Oñatiko udala

19 saltokik parte hartuko dute Oñatiko XIV. erakusleiho lehiaketan

2021/12/03
Card image cap
Lehen sariaren irabazlea, iaz
Eskaparateak astearterako apaindu beharko dira eta herritarrek bozkatzeko bide telematikoa izango dute soilik

  Covid 19ak ekarritako aldaketetako bat da, herritarren saria hautatzeko bide bakarra izango dela aurten ere, telematikoa. Udaleko web gunearen bitartez izango da bozka emateko aukera, hau da, www.oñati.eus atariaren bitartez. Herritarren saria eskuratzen duen dendako arduradunak 500 euro jasoko ditu eta bozkatzen duten herritar guztien artean 200 euro zozkatuko dira. Abenduaren 17a izango da bozka emateko azken eguna.

  Pandemiak ekarritako beste aldaketa sari banaketarena da. Aurten ere ez dirudi ekitaldi publiko bateraturik egingo denik eta seguruenera saritutako lokaletara zuzenean joanda emango dira sariok. Noiz egingo den zehazteko dago oraindik. Adituen epaimahaiak hiru sari banatuko ditu, 500, 300 eta 200 eurokoak. Erakusleihoak baloratzeko oinarrizko lau irizpide hartuko dira kontuan: konposizioa, argiztapena, koloreak eta originaltasuna.

  Zenbait dendari hasita daude erakusleihoak apaintzen, nahiz eta erreferentzia moduan emandako eguna asteartea, abenduaren 7a den. Eskaparateak bereziki apainduta abenduaren 31ra arte mantendu beharko dira, gutxienez.

  Iazko lehiaketan 21 dendek parte hartu zuten eta Andrea Azkoaga interioristak eskuratu zuen sari nagusia. Kimu-Urtxin loradendak herritarren saria eta bigarrena eraman zituen eta Barue interiorismok hirugarrena.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!