18 hautagaik egin zuten euskaltegiko irakasle lanpostua betetzeko lehenengo azterketa

2018/05/29
Card image cap
Astelehenera arteko epea dute HABErena ez den laneko esperientzia adierazi eta agiri bidez ziurtatzeko

  29 lagun onartu ziren euskaltegiko irakasle lanpostu bat bete eta lan poltsa osatzeko deialdira. Guztiek zuten lehenengo azterketa egiteko aukera baina 18 bakarrik aurkeztu ziren atzo goizean. Deialdian zehaztu den gaitegia oinarri hartuta iritzi artikulua idatzi behar zuten, helduen euskalduntzearen metodologia kontuan hartuta. Egunak beharko dira idatzizko azterketa hori zuzentzeko baina bitartean esperientzia egiaztatzeko epea dute hautagaiek, baldin eta esperientzia hori HABErena ez den beste euskaltegiren batean jaso badute. HABErena ez den laneko esperientzia adierazi eta dagozkion ziurtagiriak aurkezteko epea astelehenean amaitzen da.

  Hautaketa prozesuko lehenengo azterketara aurkeztu ziren 18 lagun horietatik 3k gainera, ez dute 4 Hizkuntza Eskakizuna edo baliokidea den agiririk egiaztatu. Horretarako epea, euskarazko azterketa egiten den egunera arte dute. Egiaztagiririk presentatu ezean, euskarazko azterketa egin beharko baitute. Azterketa horretarako egunik ez da zehaztu oraindik, ez euskarazko azterketa egiteko ezta elkarrizketa pertsonalerako ere. Ariketa hau, atzo egin zen idatzizkoa gainditzen duten hautagai guztiek egin beharko dute.

  Hautaketa prozesua amaituta, egiaztatutako lan esperientzia eta formazioa baloratuko da eta puntuaziorik handiena lortzen duen hautagaiari lan murriztua eskatu duen irakaslearen lan jarduna betetzeko errelebo kontratua  eskainiko zaio. Gainontzekoekin lan poltsa osatuko da udal euskaltegian sortu daitezkeen beharrei erantzun ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!