Oñatiko udala

15 eskaera jaso dira jada etxe partikularretan udalak su detektagailuak jar ditzan

2020/11/27
Card image cap
Oraindik gehiago iritsi daitezke, eskaerak egiteko epea astelehenean amaituko baita

  Aurtengo kanpainan 15 eskaera jaso dira eta 8 etxebizitzetan detektagailuak jarri dira jada. Beste bitan instalazioa egitea onartuta dago eta datozen asteetan egingo da, eta 5 eskaera berriz, oraindik aztertzeke daude. Baina gehiago ere jaso daitezke, horretarako epea, astelehenean, azaroaren 30ean amaituko baita. 

  Deialdia, bakarrik edo beste lagun batekin bizi diren 80 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago. Edo gazteagoak izaki, mendekotasun, bakardade edo arrisku egoeran bizi direnek ere su detektagailua jartzeko laguntza eskuratu dezakete, baldin eta udaleko Ongizate batzordeak dagokion balorazioa eginda, halakoa egokia dela erabakitzen badu.

  2010ean onartu zen etxebizitza partikularretan su detektagailuak jartzeko udal ordenantza, baina 2012az geroztik, urtero egin da eskaera berriak jasotzeko kanpaina. Aurtengo kanpaina abian jarri zenean, otsailean, 120  etxebizitzatan zeuden udalak jarritako su edo ke detektagailuak. Une honetan, 8 gehiagotan daude eta beste bitan ere laster jarriko dira, esan bezala.

  Etxebizitza gehienetan detektagailu bakarra dago baina tamaina handiko baserri eta etxeetan bi edo hiru ere jarri izan dira. Su detektagailuak, etxearen tamainaren arabera eta sua sortzeko foku arriskutsuen arabera jartzen baitira, batzuetan, esan bezala, bat baino gehiago.

  Su detektagailuak jartzeko kanpaina hau, 80 urte beteta izan eta etxean bakarrik edo 80 urte dituen beste lagunen batekin bizi direnei zuzenduta dago. Interesa duenak, eskaera, udaletxeko HAZ bulegoan aurkeztu behar du. Eskaerak egiteko azken eguna, astelehena izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!