122 boluntario behar dira Elikagaien Bankurako bilketa handirako

2023/11/14
Card image cap
Azaroaren 24-25ean egingo da herriko janari denda guztietan

  Inflazioak kinka larrian jarri du Gipuzkoako Elikagaien Bankua. Biltegietan apal asko hutsik daude eta horiek betetzeko udazkeneko bilketa handia prestatzen hasi dira jada. Elikagaiak utzi eta janari-bonoak eskuratzeko aukera jarriko da herritarren eskura. Oñatiko janari denda guztiek bat egin dute kanpainarekin, eta boluntarioak behar dira. Laguntzaileen presentziak jasotzen den kantitatean eragiten duela ikusi dute antolatzaileek.

  Oñatin ACESMA elkartea arduratzen da boluntarioak topatu eta hauen lana koordinatzeaz. Dagoeneko hasi dira boluntarioen izenak hartzen eta zuzenean elikagaien bankuko onuradunengana jo dute laguntza eske. Baina boluntario gehiago behar dira herriko ia denda guztiak eta bi eguneko txandak betetzeko. Horregatik, laguntzeko gertu dauden herritarrei Ibis Rodriguezekin jartzea eskatzen zaie, telefono zenbaki honetara deituta: 688 846 293. Boluntarioei zein lan egin behar duten azalduko zaie eta lagundu dezaketen egun eta ordu tarteen arabera txandak betetzen joango dira. Bi orduko txandak betetzeko 122 boluntario beharko dira, guztira.

  Bidebarrieta kaleko DIAn janari bonoak jarriko dira bezeroen eskura. Ondorioz, ez da boluntariorik beharko. Bai ordea, gainontzeko denda guztietan. Gainera, Etxaluzeko Coviran denda ekimenera batu da, estrainekoz. Hemen, San Migel kooperatiban eta Errekaldeko dendan elikagaiak jasoko dira soilik. Arantzazuko Ama eta Errekaldeko Eroski dendetan eta Olakuako BMn, elikagaiak utzi eta janari-bonoak eskuratzeko aukera emango zaie bezeroei. Hori guztia adierazi eta batutako elikagaiak sailkatzeko boluntarioak behar dira.

  Beharrak asko handitu dira azken urtebete honetan, Gipuzkoako Elikagaien Bankutik diotenez. Inflazioak gogor jo du eta lanean egonik ere, hil amaierara iristeko laguntza behar dutenak asko dira. Oñatin 450dik gora onuradun dituzte egun, guztia geldiarazi zuen pandemia garaian baino gehiago, Ibis Rodriguezek zehaztu digunez. Premiak handitu dira eta zailtasunak ere bai Elikagaien Bankuetan, herritarrei banatzen dizkieten produktuak erostea garestiagoa gertatzen baitzaie orain.

  Datorren astean, azaroaren 24 eta 25ean egingo da Oñatin ere udazkeneko elikagaien bilketa handia eta boluntarioak behar dira, dendetara doazen herritarrei informazioa eman eta hauek eskainitako produktuak jasotzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!