Oñatiko udala

121 lagunek parte hartu dute Gaztelekuak eta Bertso eskolak antolatutako XIII. bertso paper lehiaketan

2022/05/28
Card image cap
Sari banaketa igande goizean egingo da

  Gaztelekuko bertso paper lehiaketa 10 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta adinaren arabera bi talde bereizten dira: lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailakoak, batetik, eta bigarren hezkuntzakoak, bestetik. Guztira, 121 lan jaso dira aurten. Kategoria bakoitzean egin beharreko lana ezberdina izan da eta sari kopurua ere ezberdina izango da: gaztetxoenen kategorian 5 sari emango dira eta nagusienen kasuan, hiru. Saridun guztiek euskalgintzarekin eta bertsolaritzarekin lotutako opariak jasoko dituzte. Domekan ,11:30tan hasiko den sari banaketa ekitaldian, Maider Arregi eta Andoni Egaña bertsolariek eta Unai Gaztelumendi marrazkilariak parte hartuko dute. Sari banaketaren aurretik Bertso marraztuak ikuskizuna eskainiko dute eta Arregik eta Egañak bertsoak kantatzen dituzten bitartean Gaztelumendik marrazkiz irudikatuko ditu.

  XIII.bertso paper lehiaketako epai-mahaia Txinparta bertso eskolako 5 lagunek osatu dute. Aurten ere lan handia izan dutela aitortu dute, aurkeztu diren lan ugarien artean zortzi sortarik hoberenak aukeratzea nekeza izan baita. Baina hautaketa eginda dago eta  hauexek dira sarituak: lehen hezkuntzakoen sailean, lehenengo saria Nagore Ugarte Kortabarria eta Ane Atorrasagasti Fernandez bikoteak jasoko du, bigarrena Maddi Elorza eta Mireia Barreno bikoteak, hirugarrena Enzo Elizburu Perezek, laugarrena, Gillen Biain Urzelaik eta bosgarrena Maialen Mendizabal Altzelaik. DBH eta batxilergo mailan berriz, lehenengo saria Marina Axpe del Amo eta Izar Biain Balandron bikoteak eskuratuko du, bigarrena Oihan Irizarrek eta hirugarrena Ilargi Larral Axpek.

  Gaztelekuko XIII. bertso paper lehiaketako sari banaketa domekan egingo da Gaztelekuan bertan. 11:30tan hasiko da eta partaide Maider Arregi eta Andoni Egaña bertsolariak eta Unai Gaztelumendi marrazkilaria izango dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!