Zuzendaritza batzorde berria du TXANDA elkarteak

2020/02/20
Card image cap
Batzorde zaharra eta berriaren arteko errelebo batzarra asteartean egin zen

  Txanda elkarteko 9 bazkidek osatzen dute gaur egun zuzendaritza batzordea. Urtero erdia berritzen da eta herenegun egin zen batzarrean lauk utzi eta beste horrenbestek hartu zuten zuzendaritza taldean bi urtez aritzeko ardura. Amets-Berezao, Irizar estankoa, Korosti kafeak eta Kale Zaharra-Ogiberri negozioetako ordezkariak dira batzordeko kide berriak eta Araburu bitxitegia, Madalena gasolindegia, Olalde zapata-denda, Sustrai frutategia eta Klau dendako ordezkariekin arituko dira Txandako zuzendaritzan. Bi urteko jarduna bete ondoren taldea utzi dutenak berriz, NI, Haritza, Itziar optika eta Iramirako ordezkariak izan dira.

  Errelebo emate bilera asteartean egin zuten eta diru-kontuak edota urteko ekintzak zertan diren jakinarazi zitzaien batzordekide berriei. Baina etena erabatekoa izan ez dadin, iaztik lanean diharduten bost kideren lankidetza izango dute, ohikoa denez.

  Txandak gauzatuko duen hurrengo ekintza, datorren ostiral-larunbatean egingo den Azken txanpa outlet azoka da. Txandako 26 komertziok amaitzear dagoen denboraldiko eta aurreko salgaiak prezio berezietan eskainiko dituzte, udaberri-udako produktuei leku egiteko asmoz. Gehienek denda aurrealdera aterako dituzte ostiral eta larunbatean. Denda erdiguneko merkatal kaleetatik aparte dituzten hainbatek, plaza edota kale Barria ingurura eramango dituzte euren produktuak. Alde horretatik aipagarria da Amets-Berezaok lau auto plaza inguruan jartzeko udal baimena lortu duela. Beste horrenbeste egingo dute Oñabike-k edota D’or estetika zentroak, esaterako, beraien eskaintza bereziak erdigunera ekarrita.

  Txandako 26 komertziok Azken Txanpa honetan parte hartzeko asmoa azaldu dute jada. Eta izango dira elkarteko kide ez izanagatik outlet azoka honekin bat egingo duten herriko beste dendari batzuk. Elkarteko zuzendaritza taldea otsailaren 28 eta 29rako azken xehetasunak lotzen ari da, kale animaziorako talderen bat hitzartzen eta Azken txanpa iragartzen duen kartela egiten, esaterako.   

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!