"Zure erosketa etxean" banaketa zerbitzu berria astelehenean hasiko da gurean

2017/02/03
Card image cap
Egitasmora herriko 15 komertzio atxiki dira dagoeneko baina bat egiteko aukera zabalik dago oraindik

  Negozio berriak sustatzeko helburuarekin, esperientzia pilotua jarriko da martxan astelehenean gurean. Etxez etxeko banaketa zerbitzua izango da. Herriko zenbait denda eta komertziotan erosita, generoa etxean jasotzeko aukera eskaintzen zaie herritarrei, era ekologiko eta erosoan.

  EderMobilityServices enpresak jarriko du abian egitasmoa, eta SD Logística arduratuko da banaketaz. Auto elektriko batekin egingo da banaketa. Dagoeneko, herriko 15 komertziok bat egin dute egitasmoarekin baina atxikimendu gehiagorako aukera badago oraindik. Interesa duten merkatariek, honako telefono zenbaki honetara deitu dezakete: 619 078 485.  Egitasmoak, hiru hilabeteko froga epea izango du hasieran. Epe horretan, atxikitako dendetan erosketak egiten dituzten oñatiarrek, herri gunean nahiz  baserri edo auzoetan bizi direnek, generoa etxean jasotzeko aukera izango dute.

  Esperientziarekin bat egin duten eta ondorioz, erosketak etxera eramateko aukera eskaintzen duten dendak identifikatzeko, zure erosketa etxean dioen pegatina izango dute. Hala nahi duten bezeroek, zerbitzua komertzioan eskatu ahal izango dute; bizilekuaren datuak emanda, erosketak modu erosoan jasoko dituzte etxean. Zerbitzuak astelehenetik ostiralera goiz eta arratsaldez funtzionatuko du: 11:00etatik 14:30ra eta 17:00etatik 20:00etara. Larunbatetan berriz, goizez eskainiko da.

  Proiektu berritzaile hau ez da herri gunera mugatuko,  baserrietan bizi diren herritarrek eta erdigunetik urrun dauden auzotarrek ere erabili ahal izango dute, erosketak etxean jasotzeko. Oraingoz froga moduan hiru hilabetez luzatuko den esperientzia hau arrakastatsua bada, negozio berria egonkortu egingo da eta baliteke ibarreko gainerako herrietara hedatzea enpresa berri bat sustatuz.

  Astelehenean abian jarriko den banaketa zerbitzu hau, auto elektrikoarekin eskainiko da esan bezala, ekologikoa, erosoa eta merkea izango da ekimenaren sustatzaileen hitzetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!