Zumeltzegirako bidean semaforoa jarriko da.

2013/05/21
Dorrerainoko argiteria azpiegitura ere berrituko da. Zumeltzegi dorrean hotel jatetxea irekitzera doazela eta, aurre ikusten diren trafiko ugaritze eta argindar hornidura arazoari konponbidea ematea erabaki da.

  Zumeltzegi dorrean egokitu den ostalaritza jarduerak bertarainoko trafikoa handituko duela pentsa arazten du. Auzo bidearen zabalera estua dela jakinik, arrisku egoerak sortu daitezkeela ikusi da. Auzotarrak kezkatuta daude.

  Inguruan egin diren lanak aprobetxatuz eta argiteria azpiegitura ere eraberritu behar denez, trafikoa erregulatzeko semaforoak jartzea erabaki berri da.

  Beheko semaforoa, Zumeltzegi kaleak, eskumatara 90 graduko bihurgunea egiten duen inguru horretan jarriko da eta goikoa, dorrearen irteeran. Semaforoek mugimendua antzemateko sentsoreak izango dituzte eta auto bat paretik pasa orduko bestaldeko semaforoa gorri jarriko da. Trafikorik ez dagoenean, biak berde egongo dira.

  Semaforo hauek ekaineko lehen egunetan jarriko dira. Aurretik, dena den, inguruko argiteria azpiegitura berritu behar da. Izan ere, Zumeltzegi dorrerako bidean argiteria publikoa behin-behineko egoeran baitago. Orain urte batzuk dela Mendiko kaletik gora zihoan kablea erre egin zen eta argindar lotura, Kale Zaharretik egin zen.

  Egoera normaldu eta inguruko argiteria azpiegitura berritzea erabaki du udalak. Hodiak sartzeko zangak egin, hormigoizko posteak jarri eta bestelako obra zibila UGARTE enpresak egin du jada. Argiteria azpiegiturari dagokiona berriz KOROSTEL enpresak egingo du eta semaforo sistema jarri berriz, SICE enpresak jarriko du.
Zumeltzegirako bidean egingo diren lan hauen aurrekontua, 24.650 euro gehi BEZa da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!