Oñatiko udala

Zuhaitz ugariren apurketa eta errepide mozketa puntualak eragin zituen atzo arratsaldeko haizete gogorrak

2017/07/19
Card image cap
Udana, San Prudentzio, Arantzazu eta Olaterako errepideak oztopatu zituzten hainbat zuhaitz jausi ziren

  Arratsaldeko 18:00ak inguruan eta hegoaldetik zakar sartu zen ekaitzaren aurretik gogortu zen haizea atzo. Bolada biziak izan ziren baina intentsitate handiko haizeak 20-30 minutuz edo, jo zuen. Ondorioz, ia 37 gradutara igo zen tenperatura derrepentean jaitsi zen, ekaitzaren unean kasik 20 graduz, 18ra jaitsi baitzen, eta haizearen indarraz apurtu edo ipurditik botatako hainbat zuhaitz jausi ziren. Asko errepidera edota bidegorrira jausi ziren, trafikoan eraginez.

  Udanarako bidean zuhaitz bat erori eta 3 auto kolpatu zituen. Errepidea etenik geratu zen une batez. Zubillagan, San Prudentziorako errepide nagusian baina Nemesio Zubia enpresa parean, beste zuhaitz bat jausi zen eta errepidea moztu zuen. Erretiratu bitartean trafikoa bideratzen egon ziren udaltzainak lehenik eta ertzainak ondoren. Arantzazurako igoeran zuhaitz bat jausi zenaren abisua jaso zuten udaltzainek baina bertaratu zirenerako erretiratuta zegoen. Eta Olaterako bidean ere, beste arbol bat jausi zen errepidera. Egoera berbera beste hainbat lekutan errepikatu zen: Berezao auzoan edota Zubillagan. Hemen, 36. zenbakidun eraikinaren sarrera parean bi zuhaitz jausi zirela jakinaraziz deia jaso zuten udaltzainek. Zubillagatik San Prudentziorako bidegorri zatian beste hiru zuhaitz erori ziren eta baranda zati bat ere kaltetu zuten. San Lorentzon beste arbol bat jausi zen Olapoto parean eraikitzen ari diren bidegorrira.

  Aipatutako guztiak bidean traba eragin  eta udaltzainek zerrendatu dituzten zuhaitz eroriak dira. Baso edota jabetza pribatuetan beste hainbat jausiko ziren atzo arratsaldeko haizete gogorraren ondorioz. Kalte materialak izan ziren baina pertsonalik ez, guk jakin ahal izan dugunez.  


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!