Oñatiko udala

Zubillagako abere hiltegiak komunikazio estrategia berria martxan jarri du

2020/02/13
Card image cap
Bezero eta kontsumitzaileekiko informazioa hobetzea da helburua

  Zubillagako hiltegia garai berrietara begira jarri da, komunikazio estrategia berria landu eta martxan jarriz. Helburua, bezero eta kontsumitzaileekin dituzten harremanak erraztu eta sendotzea da.

  Zerbitzu pertsonalizatua eskaintze aldera irudi, webgune eta komunikazio kanal berriak garatu ditu. https://zubillagahiltegia.com  atarian, hiltegiari dagozkion nobedade eta balizko informazioa eskuratu daiteke, eta bertatik, youtube, Facebook edo flickr plataformetara saltu egin ahal izango da. Hiltegiak hilero osatuko duen buletin digitalera ere harpidetu ahal izango da webgunetik zuzenean. Gainera, WhatsApp zerbitzua martxan jarri du, bezero eta hiltegiko arduradunen arteko harreman zuzena errazteko. Komunikazio estrategia berri honek lehen sektorea indartzearen alde Zubillagako hiltegiak duen konpromiso sendoari erantzuten dio.

  Hiltegia 1983an hasi zen lanean eta egun, inguruko 12 udalerrik sustatutako zerbitzu enpresa publikoa da. Bere ezaugarri eta berezitasun nagusia, baserritar eta abeltzainekin duen gertuko harremana da eta hori hobetzera dator aurkeztu berri den komunikazio estrategia berria.

  Zubillagak hiltze, zatitze eta banatzen zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen dio bezeroari. Azpiegitura eta lan egiteko moduak, animalien ongizatea bermatzera bideratuta daude, ahal den gutxien sufritu eta estresatzera zuzenduta, kalitatezko okela lortzeko.

  Zubillagan 9.000 abelburu inguru hiltzen dira urtean, 250.000 Kg okela zatituz. Egun, 900 ustiategiri ematen die zerbitzu. Horiekiko komunikazioa hobetzeko asmoz garatu du harremanetarako estrategia berria.     

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!