Zubillaga auzoko eraberritze proiektuaren 2. fasearen eta Eltziako ur parkearen lizitazioak hastea aztertuko da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean

2017/02/09
Card image cap
Bi lanetarako baldintza zerrendak aurkeztuko dira

  Zubillaga auzoko bizitegi arearen eraberritze proiektua faseka gauzatzen ari da.  Azken hilabeteetan, Ulma Forjatik auzogunerantz, zubira bitarteko eraberritze lanak eginda, bigarren faseari hasiera eman asmo zaio. Bigarren fase honek, Zubillaga 45 eta 54 zenbakien arteko gunea hartzen du, Auzoetxetik Martelopezkua baserrira bitartekoa, alegia. Gune honetan sartzen dira pilotaleku eta ermita aurrealdea. Oinezkoen bideak berritu dira, berdeguneak txukunduko dira, auzoko errepide nagusiaren ondoko espaloiko baldosak aldatuko dira eta ermita aurrealdean autoentzako oztopoak jarriko dira, besteak beste. Sesma enpresak osatu zuen proiektua oinarri hartuta egin asmo diren 2. faseko lanetarako baldintza zerrenda osatu da eta horiek onartzea proposatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzordean, lanak esleitzeko prozedurari hasiera emanez.

  Eltzia aurrealdeko ur parkeko lanak bestalde, udaberrian hastea aurre ikusten da. Kasu honetan ere, lizitazioari hasiera emango dion baldintza zerrenda onartzea eskatuko zaio gobernu taldeari.

  Gaurko bilerarako lan zerrendan 26 gai jaso dira, tartean, lurpeko aparkaleku publikoen eta kaleko araututako aparkalekuen kontrol-instalazioen mantentze zerbitzua edota, San Lorentzo auzoko 26 zenbakian gazteen aisialdirako lokalen ingurukoa. Aurreko bilkura bateko gai zerrendan jaso baina azkenean aztertu ez zen herriko talde eta kirol elkarteei zuzendutako 2017ko diru laguntzen deialdia berriro jaso da gaur arratsaldeko gaien artean. Kirol jarduera ezberdinak antolatzeko udalak eman ohi dituen diru laguntzak dira. Deialdia egitea onartzen bada, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Baina aurrez, esan bezala, deialdia egitea onartu behar da eta hori, gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean erabaki daiteke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!