Zubillaga auzoko eraberritze lanak bukatu dira

2019/05/13
Card image cap
Auzoko urbanizazioa berritzeko hirugarren eta azken fasea burutu da

  Zubillagako auzoan irisgarritasuna hobetzeko lanak amaitu dira. Azken fase honek auzoko bizitegi eremu nagusia, auzo-etxearen inguruak eta San Pedro elizaren atzealdeko jolas parkea hartu ditu bere baitan. Auzo-etxetik jolaslekurako bidea hobetu da, arrapala bat egokituz; auzo-etxerako sarrera irisgarri bihurtu arrapala eginez eta egungo jolas parkea lekuz mugitu da, eliza atzealdean mantenduz baina irisgarriagoa bihurtuz. Zubillaga auzoko eraberritze lanen azken fase honetan bestalde, 35-38 zenbakien arteko urbanizazioa ere konpondu da, oinezkoen ibilbideak berritu eta irisgarritasun baldintzetara egokituz eta autoentzako aparkalekuak egokituz, auzotarrek udalari eskatu ziotena beteaz.

  Jolas parkea da, lan hauek guztiz osatzeko falta den bakarra. Irisgarritasun lanak egin dituen enpresaren proposamena ez zen udalaren gustukoa izan eta beste enpresa bati eskatu zitzaion. Kautxuzko zorua botako da eta jolas elementu berriak kokatuko dira. Bizpahiru aste beharko dira lanok guztiz amaitzeko.

   Aspaldi ekin zion udalak Zubillaga auzoa eraberritzeko asmoari, 2015ean osatu zuen proiektua Sestra enpresak  eta ordutik, faseka, hainbat egokitze lan egin dira. Lehenengoak, 2016an, Ulma Forja paretik Artixa errekaren zubirainoko lanak egin ziren eta bigarren fasean, 2017an, Martelopezkua baserriaren ingurutik pilotalekua eta auzo elkartera bitarteko ingurua egokitu ziren. Proiektuak, guztira, hiru faseak barne, 464.000 euro inguruko aurrekontua izan du, BEZ kanpo.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!