Zubikoa kiroldegiko urteko bazkide kuotak etzi, asteazkenez kobratuko dira

2019/01/14
Card image cap
Urte osorako kuotak izango dira, kiroldegi barruko lanak 2020ra arte ez baitira hasiko

  Horixe da bazkide askok azaldu duten kezka, ea lanak noiz hasiko diren. Izan ere, 2019an hasiko zirela zabaldu zenez, batzuk, baja emateko asmoa baitzuten. Baina hasi, kanpoaldean egin beharreko lanetatik hasiko direla jakinarazi dute kiroldegitik, alegia, barruko instalazioei eragin gabe. Horrek esanahi du igerilekua, sauna, fitness gela, squash, pilotalekua eta kantxak zabalik mantenduko direla. Ondorioz, kiroldegiko urteko bazkide kuotak normaltasunez kobratuko dira. Urte osorako kuotak kobratuko dira, bazkideek baja ematen ez badute, behintzat. Eta kuota hauen kargua etzi, hilaren 16an egingo da. Kiroldegiko bazkide tarifek ez dute igoerarik izango aurten eta iaz bezala mantenduko dira.

  Bazkide txartela helbideratu gabe duten lagunei, tarifak eta ordainketa bideen zehaztapena ematen duten oharrak datozen egunotan iritsiko zaizkie. Gainerakoei euren aurrezki kutxa edo banketxeen bitartez kargatuko zaie, asteazkenean.
Deskuidoan norbaitek baja eman nahiko balu gaur edo bihar kiroldegian jakinaraztea eskatzen da, ordainketa agindua geldiarazteko. Bestela, banketxeko ordainagiria itzuli eta horren berri kiroldegiko bulegoan ere jakinaraztea eskatzen da, agiriaren itzulpena batzuetan fondorik ez dagoelako ere izaten baita.

  Kiroldegiko bazkide tarifa, bazkidearen adin eta egoera ekonomikoaren arabera aldakorra da. Familia abonua 213,15 € da baina familia ugariek prezio merkeagoa dute iaztik, 109,60 € hain zuzen ere. Senar-emazte pentsiodunek edo langabezian daudenek ere prezio berezia dute. 21 urtetik gorako banakakoena 149,45 €, adin txikiko edo pentsionistena, 78,40 eta ikasleena berriz, 102,50 €. Tarifak, www.oñati.eus web atarian ikus daitezke edo kiroldegian bertan kontsultatu.

  Zubikoa kiroldegiak 4.469 bazkide daude une honetan. Baina urteko txartelak berritzerakoan gora behera txikiak izan daitezke. Datozen egunetan iritsiko dira esan bezala, bazkide txartelak berritzeko ordain-agiriak, zuzenean kiroldegitik, ordainketa helbideratu gabe dutenen kasuan, edota aurrezki kutxatik, domiziliatuta dutenen kasuan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!