Zubikoa kiroldegiko urteko bazkide kuotak datorren astean kobratuko dira.

2015/01/16
Baja eman nahi dutenek, kutxa edo banketxeko erreziboarekin eta bazkide txartelarekin, kiroldegiko bulegora joan behar dute.

  Kiroldegiko bazkide tarifek ez dute igoerarik izan. Gainontzeko udal tarifa eta prezioen antzera, bere horretan mantentzea erabaki baitzen urriko Osoko Bilkuran. Ondorioz, iazko kuoten maila berean kobratuko dira aurten ere.

  Une honetan, herritarren ia erdiak dira kiroldegiko bazkide, 4.600 lagun inguru dira kiroldegiko bazkide, eta horietatik 73k, eskualdeko beste kirol instalazio batzuk erabiltzeko aukera ematen duen txartel mankomunatua dute. Hauen kasuan ere ez da aldaketa nabarmenik izango urteko bazkide kuotan. Apur bat borobildu dira baina xentimo kontua izan da soilik.

  Urtea hastearekin batera hasi dira Zubikoan urteko bazkide kuoten kobrantza egiteko dokumentuak prestatzen. Bazkide txartela helbideratu gabe duten lagunei, tarifen eta ordainketa bideen zehaztapena ematen duten oharrak datozen egunotan iritsiko zaizkie. Gainerakoei dagokien aurrezki kutxa edo banketxeen bitartez kargatuko zaie. Datorren astean emango da kargua egiteko agindua.

  Deskuidoan norbaitek baja eman nahiko balu, ordainketa agiria itzuli gabe, kiroldegiko bulegotik pasatzea eskatzen da. Ordainketa agiria eta bazkide txartela eraman behar dira eta bertatik jada, dirua itzultzeko agindua emango da.

  Kiroldegiko bazkide txartelen prezioa bere horretan mantendu den bezala, ikastaro eta instalazioak erabiltzeko sarreren prezioek ere aldaketarik gabe jarraitzen dute aurten.

  Urteko familia abonua 210 euro izango da; langabezian egonik beste laguntzarik ez dutenen kasuan berriz, erdia, 105 euro.  Eta 105 euro  ordainduko dute baita ere, senar emazte pentsiodun edo jubilatuek. Banakako abonuetan berriz, adina eta lan egoera kontutan hartuta, bereizketa egiten da eta hiru tarifa ezberdintzen dira. Hala ere, kasu guztietan iazko kopuruen pare kobratuko da aurten ere.

  Debagoienako kirol txartelaren prezioa ere bere horretan mantentzen da. Kasu honetan, plus eta premium tarifak bereizten dira. Banakako helduen plus tarifa esaterako, 215 euro izango da eta zerbitzu bereziak erabiltzeko aukera ematen duen premium tarifa berriz, 259 euro. Eskualdea mailan, haurren banakako txartel mankomunatua edota, familia txartelak egiteko aukera ere badago.

  Gogoratu, urteko kirol abonuen kobrantza datorren astean zehar aginduko dela.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Zubikoa kiroldegiko sarrera (Oñatiko Udala)